Iaz egin bezala, aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarren artean mugikortasun-ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatzeko helburuarekin martxan jarritako Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin kanpainak geldialdia egingo du Deban, Europako Mugikortasun Astearen harira. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamenduko iturriek zehaztu dutenez, datorren asteazkenean (irailak 16) iritsiko da ekimena udalerrira.
Kanpaina horren barruan, aurten ere bizikletak konpontzeko zerbitzua eskainiko dute. Zerbitzua emango duen furgoneta-lantegia zumardian jarriko dute, kiosko parean, eta MUGI txartela aurkezten dutenek 16:00etatik 20:00etara bizikleta berrikusteko eta hari oinarrizko konponketak egiteko aukera izango dute. Gainera, bertaratzen direnek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita MUGI txarteletarako 20 euroko 60 kargaren zozketan ere.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako langileak ere bertan izango dira, MUGI txartela eskatu nahi duten herritarrei informazioa eta laguntza ematen.
Berrikuntzak
Aurtengo edizioak badu berritasunik. Hain zuzen ere, Misterioa Topo Express-ean deritzon ihes gelan parte hartzeko aukera ere egongo da. Azahara Dominguez diputatuak nabarmendu duenez, ekimena herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki gazteei begira antolatu dute.
Aurreratu dutenez, jokoak 45 eta 60 minutu arteko iraupena du, eta "modu ludiko eta oso entretenigarrian", garraio publikoaren garrantzia eta MUGI sistemaren abantailak ezagutaraztea du helburu.
Dominguez diputatuak gazte-gaztetatik mugikortasun-ohitura jasangarriak hartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du. "Mugikortasun jasangarriago baten alde egitea ez da ingurumenari dagokion kontua soilik: gizarte-justiziaren eta aukera-berdintasunaren kontua ere bada", adierazi du. Zentzu horretan, nabarmendu du garraio publikoak eta oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriek aukera ematen dietela pertsonei autonomia handiagoaz mugitzeko,
Ildo beretik, Alazne Txurruka Debako alkateak adierazi du mugikortasun jasangarria "erronka kolektiboa" dela: "Horrelako ekimenei esker, baliabide praktikoak herritarrengana hurbildu, bizikletaren erabilera sustatu eta Deban mugikortasun aktiboago, seguruago eta jasangarriago baterantz aurrera egin dezakegu".