Aurreko urteotako dinamikari eutsita, Zuhatza Euskaltzaleon Mugimenduak bere gain hartuko du irailaren 26an ospatuko den Euskal Jaiko herri bazkaria antolatzeko ardura, eta astelehenean, irailak 14, ekingo dio paella-janerako txartel salmentari.
Hilaren 3an egindako batzar irekiaren ostean jakinarazi zutenez, hain zuzen, 600 lagunentzako lekua egongo da Aldats pilotalekuan, eta egunean bertan erreserbatu beharko da lekua, 11:00etatik aurrera. Nork bere janaria eraman dezake bazkarira, baina nahiago dutenek euskara elkarteko kideek prestatutako paella-platerez gozatzeko aukera izango dute aurten ere; oilaskoarekin eta untxiarekin egindako paella ez ezik, barazkiduna ere eskainiko dute.
350 txartel orotara
Paella-janaren prezioa 12 eurokoa da, bi euro merkeagoa Zuhatzako kideentzat, eta astelehenetik aurrera salduko dituzte txartelak, Internet bidez, labur.eus/euskaljaiazuhatza2026 estekan, baita aurrez aurre ere, Zuhatzaren bulegoan, Ifar kalean. Lau egunez egingo dute zuzeneko salmenta: irailaren 14an eta 17an goizez –09:00etatik 13:30era– eta hilaren 15ean eta 16an arratsaldez –15:00etatik 19:30era–. Guztira, 350 txartel ipiniko dituzte salgai.
Bestalde, antolaketa lanetan aritzeko boluntarioak beharko dituztela gogorarazi dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, datozen egunotan egingo dute laguntzaileen taldea osatzeko deialdia, ohiko bideetatik.