Udako etenaldiaren ondoren, jardunari ekin diote berriro Arbil Elkarte Sozialeko kideak. Adierazi dutenez, ikasturte berriari hasiera emateko dementziei buruzko hitzaldi bat antolatu dute datorren ostegunerako (irailak 17), Nagusilanekin batera elkarlanean. Hitzordua 11:00etan izango da Kultur Elkartean, Dementziak, horiek ulertzea, prebenitzea eta zaintzea izenburupean.
Gaia sakonago jorratzeko, Jose Felix Marti Masso neurologoa gonbidatu dute, gaur egun Nagusilanen boluntario lanetan ari dena. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilbide luzeko profesionala da Marti. "Egun erretiroa hartuta badago ere, luzaroan Donostia ospitaleko neurologiako zerbitzuburua eta EHUko katedraduna izan da". Halaber, ibilbide horretan hainbat sari irabazi dituela ere erantsi dute.
Antolatzaileen esanetan, adinean aurrera egin ahala oroimenaren galera ohikoa bihurtzen da eta, hori hala, komenigarria da jakitea noiz jo beharko litzatekeen espezialistarengana kontsulta egitera. "Alzheimerra eta bestelako dementziak tratatzeko eta prebenitzeko farmako berriak ditugu. Dementzia duen paziente bat zaintzea lan gogorra da, eta garrantzitsua da agertzen diren sintomak ezagutzea eta ulertzea horiei heltzeko modurik onena izango baita".
Gaiak herritar askorengan izan dezakeen eragina ikusita, Arbileko eta Nagusilaneko kideek gaiari buruz interesa duten herritar guztiak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera.