Nepalgo uholdeetan kaltetutakoen alde diru-bilketa antolatu dute Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta

ARGAZKIA: AP

Udalerrian bizi diren nepaldarren komunitateak jarri du ekimena abian; gaur (irailak 11) arratsaldean egingo dute bilketa, udaletxe azpiko arkupeetan. 

Glaziar baten erorketak luizi eta uholde bortitzak eragin zituen abuztuaren 26an Nepal eta Tibet aldean. Zonalde hartan, herri osoak suntsitu zituen hondamendiak, milaka pertsona kaltetuz. Egoera larri horren aurrean, udalerrian bizi den nepaldarren komunitateak elkartasun ekimen bat jarri du abian. Zehazki, diru-bilketa bat egingo dute kaltetuei laguntzeko.

Roshan Lamsal ekimena sustatu duen taldeko kideak nabarmendu duenez, ekarpenak Nepalgo Gobernuak hondamendiaren ondorioei aurre egiteko ireki duen kontu korrontera bideratuko dute zuzenean. Azaldu duenez, hasieran beraiek modu pribatuan egin dituzte ekarpenak kontu horretara, baina gehiago lagundu nahian, ekimena publikora zabaltzea erabaki dute. Gaur (irailak 11) egingo dute bilketa, 17:00etatik 19:30era, udaletxe azpiko arkupeetan. Herritar guztiak deitu dituzte ekimenarekin bat egitera: "Gutxirekin bada ere, herritarrak bertan parte hartzera deitzen ditugu; izan ere, halako kasuetan guztia da ongietorria", gaineratu du Lamsal-ek. 

Nepaldarren komunitateko kideak argitu duenez, zailtasun handiak dituzte oraindik ere Nepalen: "Une honetan, errepideak, zubiak zein bestelako azpiegitura ugari suntsituta edo moztuta daude; familia asko eta askok isolatuta jarraitzen dute oraindik. Horregatik, hemen materiala biltzea eta bertara bidaltzea ezinezkoa da. Hori dela eta, dirua bilketa abiatzea eta ekarpena Nepalgo gobernuari zuzenean egitea erabaki dugu; gerokoan, eurak arduratuko dira diru hori guztiori premien arabera kudeatzen", zehaztu du.