Gaur goizean (irailak 12), Calbeton Zumardiko kioskoaren parean landatuta zegoen 80 urte inguruko makal zuria (Populus alba) moztu dute. Neurri horrek kezka eta ikusmina eragin ditu herrian. Txopoko lagunak herritar taldearen arabera, gainera, eremuko zuhaitzik zaharrenetako bat zen.
Debako Udalak atzo (irailak 11) eguerdian plazaratutako ohar baten bidez eman zuen mozketaren berri. Azaldu zuenez, duela gutxi zuhaitzaren inguruko zoladuran "pitzadurak eta deformazioak" antzeman zituzten, eta haren egoera zehazteko ikuskapen teknikoa eskatu zuten.
Udalak jakinarazitakoaren arabera, egindako txostenak "inklinazio progresiboa eta sustraien garapenarekin lotutako aldaketak" hauteman zituen zoladuran. Horren ondorioz, zuhaitzak egonkortasuna galtzeko arriskua zuela ondorioztatu zuen azterketak.
Makalaren kokapena ere kontuan hartu zuen Udalak, oinezkoen joan-etorri handiko eremu baten alboan baitzegoen. Hori dela eta, zuhaitza kentzea erabaki zuten. "Txosten teknikoak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du zuhaitza modu kontrolatuan moztea, izan daitezkeen arriskuak prebenitzeko", adierazi zuen tokiko erakundeak.
Herritar talde bat kexu
Udalaren erabakiaren berri izan orduko, hainbat herritarrek kezka agertu zuten. Horien artean, Txopoko lagunak taldea dago. Atzo bertan, taldeko kideak zuhaitzaren parean elkartu ziren, eta batzarra egin zuten Udalak hartutako erabakiaren inguruan hitz egiteko eta balizko alternatibak aztertzeko.
Taldearen esanetan, moztutako aleak ondare eta ingurumen balio handia zuen, eta zumardiko zuhaitzik zaharrena izan zitekeen. "Zuhaitz eder honek itzala, biodibertsitatea eta izaera ematen dizkio gure herriari. Herriko ondarea da", nabarmendu zuten.
Taldeko kideek ez dute segurtasun arrazoiengatik hartutako erabakia bera zalantzan jartzen, baina Udalari azalpen eta gardentasun handiagoa eskatu diote. "Txosten tekniko osoa ikusi nahi dugu, eta ez ohar labur bat bakarrik", adierazi zuten.
Era berean, zuhaitza moztea erabaki aurretik bestelako aukerak aztertzea proposatu zuten, besteak beste, "zaintza-kimaketak edo sustraiak egonkortzea". Hori guztiagatik, mozketaren lanak behin-behinean etetea eskatu zuten, aditu independenteek dokumentazioa aztertu ahal izan zezaten.
Barrualdea kaltetuta
Azkenik, gaur goizean, zuhaitza zatika eta modu kontrolatuan kendu dute. Lehenik, adar handienak moztu dituzte; ondoren, enborra atera dute.
Lanak amaitu ondoren, zuhaitzaren barrualdean kalte nabarmenak zeudela ikusi ahal izan dute bertan aritutako langileek. Motzondoan, beso baten luzera inguruko sakonera zuen zulo handi bat ageri zen, eta enborrean ere barruko hutsunea ikus zitekeen.
Mozketa amaitutakoan, inguruan bildutako hainbat herritarrek zuhaitzaren zati batzuk etxera eramateko aukera izan dute.