Bea Lemaren 'El cuerpo del cristo'-k irabazi du Animadebako Film Onenaren saria

Izaro Aulestiarte Lete

Gidoi Onenaren saria 'Quai Sisowath / Sisowath Quay' filmak irabazi du, epaimahaiaren Aipamen Berezia 'Im Auto, Tapes und Butterbrot / With Tapes and Toasts in the Car' lanarentzat izan da, eta Zuzendari Berriak sailean 'The Tale of Tran Thanh Duong' nagusitu da.

Inoiz baino parte-hartze handiagoa izan da aurtengo Animadeba Nazioarteko Animazio jaialdiaren hemeretzigarren aldian, eta antolatzaileek "oso balorazio positiboa" egin dute. Larunbat gauean eman zitzaion amaiera lau eguneko egitaraua izan duen festibalari eta gustura azaldu dira sustatzaileak, "Animadeba ikusleeen, sortzaileen eta artearen arteko topagune gisa sendotuz" doala nabarmenduta.

Sail nagusian, Bea Lemaren El cuerpo del cristo lanak irabazi du Animadebako Film Onenaren saria; izan ere, epaimahaiaren iritziz, "hizkuntza bisual berritzailea" erakusten du filmak. Gidoi Onenaren saria Georges Sifanosen Quai Sisowath / Sisowath Quay lanak jaso du, sail berean; epaimahaiaren iritziz, Kanbodiako folklorea, hondamendi ekologikoa eta beldurrezko generoa "modu originalean" elkartzen dituen gidoia duelako eman diote saria. Eta aurtengo Aipamen Berezia Kiana Naghshinehren Im Auto, Tapes und Butterbrot / With Tapes and Toasts in the Car ikus-entzuzkoak lortu du, "familia barruko gaixotasunaren esperientzia fantasiazko eremura eramateagatik, ikuspegi freskoagatik, pertsonaien diseinu bikainagatik eta umoreagatik".

Uniko ekoiztetxeko kidea, Film Onenaren saria jasotzen.

Bestalde, Zuzendari Berriak EHU sailaren lehen saria Hachul Le Doren The Tale of Tran Thanh Duong filmak eskuratu du, animazio estilo "freskoa eta ausarta" izategatik. Gainera, sailaren lehen Aipamen Berezia Daiyu Liren When the mountains shook ikus-entzunezkoari eman diote, "animazioarekiko duen ikuspegi esperimental, ausart eta erabat absurdistagatik" eta, bigarrena, Mian Ijlal Ahmaden Da mor ghag / The mother's voice filmari, "janari banatzaileek jasaten duten errealitate gogorra eta egungo esplotazio moduak modu hunkigarrian erretratatzeagatik". 

Animadebaren WIP DAMA

Etorkizuneko animazio proiektuak saritzen dituen Animadebaren Work In Progress WIP DAMA atalean, Celia Alcinaren In Between proiektuak jaso du aurtengo Aipamen Berezia. Azaldu dutenez, "berehala" piztu zuen epaimahaiaren interesa, hain zuzen, "kalitate grafiko eta teknikoagatik, eta egilearen talentuak egingarri egiten duen anbizioagatik". Euskaraz aurkeztutako Work in Progress proiektu onenaren Berria saria Libe Carballo Aranbururen Ur gazitan film laburrari eman diote, eta epaimahaikideek lanaren "umorea, soiltasuna eta materialekiko sentsibilitatea" nabarmendu dute. 

Talentu Berrien DAMA saria Marina Verdaguer Rosen Kirie Eleison proiektuari eman diote aurten, formatuari ateratako "aprobetxamenduagatik" eta "formaren eta edukiaren arteko harreman bikainagatik", eta WIP DAMA Profesionalen saria, berriz, Kote Camachoren Nor Nai proiektuak jaso du. Epaimahaia "liluratu" egin duela adierazi dute, "proiektua zintzotasunez eta neurriz" aurkeztu izanagatik, eta "historiaren orrialdeetan ahaztuta geratu diren emakumeetako baten talentua berreskuratzeko duen borondateagatik".

Aurtengoarekin pozik eta etorkizunari begira

Jaialdiaren antolatzaileak "oso pozik" azaldu dira 19. aldiak eman duenarekin. Nabarmendu dutenez, "aurtengo programazioak publikoaren erantzun bikaina jaso du, eta Animadebak bere historiako ikusle eta parte-hartze kopuru handiena lortu du".

"Egun hauetan, Debak animazioaren nazioarteko erreferente izateko bokazioa berretsi du, mundu osotik iritsitako filmak, zinemagileak eta profesionalak bertan elkartuz eta, aldi berean, bertako sorkuntzari eta euskarazko animazioari espazio berezia eskainiz", erantsi dute.

Bada, aurtengoa amaitu berritan, hurrengo urteari begira jarri dira Animadebako antolatzaileak, datorrena hogeigarren urteurrena izango baitute. Urtemuga ospatzeko asmoa dutela aurreratu dute, animazioaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiz.