Arrakastatsua izan da Deban bizi den nepaldar komunitateak deitutako elkartasun ekimena. Azaldu dutenez, 1.367,30 euro bildu dituzte abuztuaren 26ko hondamendiak eragindako kaltetuei laguntzeko. Diru-bilketa joan den ostiralean (irailak 11) egin zuten, udaletxe azpiko arkupeetan, 17:00etatik 19:30era. Jakinarazi dutenez, bildutako diru guztia Nepalgo Gobernuak hondamendiaren ondorioei aurre egiteko irekitako kontu korrontera bideratuko dute zuzenean.
Ekimenak herritarren aldetik "harrera ona" izan zuela nabarmendu dute sustatzaileek. Haien arabera, herritar ugarik egin zuen bat deialdiarekin, eta, hori hala, eskerrak eman dizkiete ekarpena egin eta elkartasuna erakutsi zuten guztiei.
"Diru bilketan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahiko genizkieke, baita Debako Udalari ere, emandako laguntza eta babesagatik. Horrez gain, aipamen berezia egin nahi diogu Jose Luis Albizuri, bere parte-hartzeagatik eta emandako laguntzagatik; eta, noski, gure esker ona Nepalgo herritarrei ere, ekimenean parte hartu eta beren borondatea eskaini dutelako".
Elkartasun ekitaldi batekin itxi zuten jardunaldia. Kandelak piztu zituzten Foruen Plazan, uholdeetan hildako herrikideak gogorra ekarriz eta haiek omentzeko asmoz.