Burdin Kurutzek ikasleentzako mendi irteera iragarri du hilaren 20rako

Izaro Aulestiarte Lete

Elorriaga-Itziar-Deba ibilbidea egiteko proposamena dakar mendi taldeak igande honetarako (irailak 20). Bihar, ostegunez, itxiko dute izen-ematea.

Burdin Kurutz Mendi Taldeak prest dauka ikasturte berrirako irteeren egutegia eta iganderako, irailak 20, antolatu du ikasleei zuzendutako lehen hitzordua. Nolanahi ere, ohi legez, ikasleek ez ezik, interesa duten helduek ere txangoan parte har dezaketela gogorarazi dute. 

Elorriagan hasi, Itziartik pasa eta Deban amaituko da ibilbidea; partaideak 08:30ean elkartuko dira, autobus geltokian, eta goiz pasa egingo dute. Txangoan parte hartzeko aurrez eman behar da izena, eta horretarako azken eguna bihar (irailak 17) da. Ikasleek eskolan bertan eman dezakete izena; Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek eta helduek, berriz, Burdin Kurutz taldeko Whatsapp taldean idatzita egin dezakete izen-ematea.