Joan den larunbatean (irailak 12), Debako Udalak Cardenas Fundazioaren eta Haitz Haundi Arte Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen kaleko margo sariketaren 57. aldia jokatu zen. Guztira, 29 margolarik eman zuten izena, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, horietako 28k aurkeztu zuten lana. Parte-hartzaileen artean, bi debarrak ziren.
Egunari dagokionez, parte-hartzaileek ia goiz osoa izan zuten aire zabalean margotzeko. Ohi bezala, egileek udalerriko hainbat txoko, paisaia eta eszena eraman zituzten beren mihisetara. Lan guztiak aztertu ondoren, honakoa izan zen epaimahaiaren erabakia:
- Lehen saria. Oscar Herran; 800 euroko saria jaso zuen, Kultur Elkartea lanagatik.
- Bigarren saria. Alipia Ruano; 500 euroko saria eskuratu zuen, La plaza vieja lanari esker.
- Hirugarren saria. Jose Miguel Arranz; 350 euroko saria eman zioten, Tres barcas lanarengatik.
- Saritu gabeko herriko lehen sailkatua. Endika Arriola; 250 euroko saria eskuratu zuen, Arakistain plaza langatik.
Cardenas Fundazioaren bestelako sari berezi batzuk ere banatu zituzten lehiaketan, honakoak:
- Laugarren saria. Jean Jacques Daugaren Maxpe lanagatik, 200 euro.
- Maria Esperanza Chavarri akuarela saria (lehendik saritu gabeko akuarela onenari). Carlos Espigaren Ria de Deba lana, 300 euro.
- Marques de Prado Ameno sari berezia (teknika librean, aurretik saririk jaso ez duten 21 urtetik beherako gazteentzat). Paula Arruzaren Aman Lekua lana, 150 euro.
- Blanca Vilallonga saria (itsasoa gaitzat duen eta lehendik saritu gabeko lanik onenari). Nuria Blancoren Lapari lana, 300 euro.
Lanen erakusketa irekia
Lehiaketa bukatuta, aurkeztutako obra guztiekin osatutako erakusketa zabaldu dute Agirre jauregiko erakusketa aretoan. Lanak igandera arte (irailak 20) egongo dira ikusgai eta honakoa izango da erakusketa bisitatzeko ordutegia: astelehenetik larunbatera,17:00etatik 19:00etara eta, igandean, 12:00etatik 14:00etara.