Euskal Jaiko txandak betetzeko laguntza eskatu du Zuhatzak

Izaro Aulestiarte Lete

Herri bazkaria aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela gogorarazi dute euskara elkarteko kideek. Bestalde, paella-janerako txartel guztiak saldu dituztela jakinarazi dute.

Beste urte batez, irailaren 26an ospatuko den Euskal Jaiko herri bazkaria antolatzen dihardu Zuhatzak, eta ekimena aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela gogorarazi dute elkarteko kideek. Hortaz, bazkaria prestatzeak berekin dakartzan zereginak zehaztu eta horiek txandatan banatu dituzte, eta herritarrei laguntzaile gisa jarduteko aukerak eskaini dizkiete.

Pilotalekua atontzeko, sukaldean laguntzeko, Zuhatzaren zozketarako txartelak saltzeko, txosnan lan egiteko eta txosna desmuntatzeko txandak antolatu dituzte, besteak beste. Boluntario parte hartu nahi dutenek 613 92 01 73 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezakete; izen-ematea labur.eus/EuskalJaia2026txandak estekan ere egin daiteke –bertan ikus daiteke eginbeharren zerrenda osoa–.

Bazkarirako txartelak, agortuta

Bestalde, euskara elkarteko kideek prestatuko duten paella-janerako txartelak dagoeneko agortu egin direla jakinarazi dute; hiru egunean saldu dituzte guztiak, 350, guztira.