Zabalik dago Kolore Anitzek antolatutako pintxo lehiaketarako izen-ematea

Izaro Aulestiarte Lete

Iazko irailean ospatutako Kolore Anitz Egunean ateratako irudia.

Irailaren 26an ospatuko den Euskal Jaian pintxo lehiaketa ere izango da aurten, Kolore Anitz aisialdi taldearen ekimenez. Bihar amaituko da lehiaketan parte hartzeko izen-ematea.

Oraindik ez dute aurtengo Euskal Jaiko egitarau osoa iragarri, baina berritasunik ere izango da tartean, Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak pintxo lehiaketa antolatu baitu ospakizunera begira. Irailaren 26an egingo da ekimena; 10:30erako jarri dute hitzordua, zumardiko kioskoan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 6-8 laguneko taldeak izango dira lehian. Ekimena HH5 eta LH6 bitarteko haurrei zuzenduta dago; zehaztu dute, hori bai, HH5 eta LH 1-2 mailetako ikasleek gurasoren baten edo biren laguntzaz parte hartu beharko dutela.

Izena emateko epea bihar, hilak 18, itxiko dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek posta elektronikoz egin beharko dute izen-ematea, koloreanitz@gmail.com helbidera mezua idatzita; taldearen eta taldekideen izenak zehaztu beharko dituzte mezuan. Halaber, alergiarik izanez gero, aurrez jakinaraztea komeni dela gogorarazi dute aisialdi taldeko kideek.

Lehiaketa hasi eta ordubete beranduago, 11:30ean, Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako mural margoketa ere egingo dute.