Soziolinguistikan doktorea, Euskal Filologian zein Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua eta Hizkuntza Plangintzan nahiz Antropologian graduondoko ikasketak egina da Paula Kasares (Iruñea, 1969). Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da, eta hitzaldi anitz eman ditu urteotan, Euskal Herrian nahiz atzerrian; batik bat, euskararen transmisioaren, elebitasun goiztiarraren eta haurren hizkuntza sozializazioaren gainean.
Kultur Elkartean izango zara bihar, hilaren 22an. Nori zuzendua dago bertan gidatuko duzun motibazio eta kontzientziazio saioa?
Saioa haur txikiak dituzten gurasoei zuzendu zaie, seme-alaba euskaldunak hazi nahi dituztenei eta haurrek euskararekin duten harremanaz kezkatzen direnei.
Zer-nolakoa izango da saioa? Ezer aurreratzerik baduzu?
Saioa solasaldi irekia izango da; hitzaldi magistral bat baino gehiago, gurasoen kezkei eta galderei erantzuteko solasaldi gidatua.
"Eskolak bere lana egiten du eta familiak lan hori osa dezake, baldin eta euskara aintzat hartzen badu"
Hitzorduaren izenburuari erreferentzia eginez, Paula, zergatik da garrantzitsua euskararen arloan guraso aktibo izatea?
Familiaren egitekoa funtsezkoa da haurrak euskaraz jabe daitezen, eta euskaraz ondo eta eroso egin dezaten. Zer-nolako hizkuntza-praktikak ditugun etxean, zer balio linguistiko jasotzen dituzten haurrek familian, zer aukera ematen diegun haurrei etxean eta etxetik kanpo euskaraz egiteko... hori dena familien hizkuntza-plangintzan sartzen da, eta, gurasoei haurrek euskararekin duten harremanak kezka ematen badie, gurasoak euskararen arloan aktiboak izatea garrantzitsua da, bai: erabaki asko daude haien esku, eta erabaki horiek baldintzatzen dituzte haurrek euskararekin duten harremana, hizkuntzaren bizipena eta hizkuntza portaerak.
Ez da beti erraza gurasoen egitekoa zein izan daitekeen argi ikustea; euskararen transmisioaren inguruan, badira hamaika kezka, zalantza eta mito... Zure iritziz, nola indartu daiteke euskararen erabilera? Eta nola osatu daiteke eskolak egiten duen lana etxean?
Eskolak bere lana egiten du eta familiak lan hori osa dezake, baldin eta euskara aintzat hartzen badu; hau da, etxeko elkarbizitza linguistikoan euskarari tokia egiten bazaio –etxeko komunikazioetan, etxeko aisialdian, etxeko hizkuntza-kontsumoan (telebista, pantailak, literatura...)–, haurrek etxetik landa duten sozializazioan euskara bermatzen bada –eskolaz kanpoko jardueretan, kultura kontsumoan...–. Haurrek euskararekin duten harremana sendotzeko eta aberasteko gurasoak aktiboak izatea garrantzitsua da, bestela, erdararen –hizkuntza hegemonikoaren– aldeko inertzia komunikatiboa erraz gailentzen da.