Motor hotsek hartu zuten Deba

Izaro Aulestiarte/Nerea Bedialauneta

Eguraldia lagun, aurreikusitako orduan iritsi ziren San Sebastian Circuit Spirit rallyko partaideak Debara, herenegun (hilak 19). 13:30etik 16:00etara bitartean, 120 auto klasikok, kirol autok eta GT auto modernok bereganatu zuten bertokoen zein bisitarien arreta.

San Sebastian Circuit Spirit rallyak Gipuzkoan barrena egin du ibilbide osoa bere IX. edizioan, eta ekimenak Deban egin du geldialdia aurtengoan, auto zaleen gozamenerako.

Bi kategoriatan aritu dira parte hartzaileak: auto klasikoen eta kirol autoen rallyan –1923tik 1973ra arteko ibilgailuak– eta kirol autoentzako GT biran –GT auto modernoak–. Eta, guztira, 120 partaide batu dira, Euskal Herrikoak zein Kataluniatik, Espainiatik eta, batik bat, Frantziatik etorritakoak.

Ibilbide bera egin zuten denek larunbateko hitzorduan: 140 kilometro, 50 kilometrotik beherako abiaduran. Goizean, Donostiatik Debara arteko tartea egin zuten. Bertan bazkaldu zuten, Aldats pilotalekuan, eta autoak Foruen plazan, zumardian nahiz Arrantzale kalean izan zituzten aparkatuta, bertokoen zein bisitarien arreta bereganatuz; ikusmin handia sortu zuen, hain zuzen, ekimenak. Bazkalostean, aldiz, Donostiara abiatu ziren, ekimena hiriburuan amaitzeko.

Sustatzaileek azaldu bezala, Donostiako Automobil Zirkuituaren –Lasarteko zirkuitua ere deitua– "espiritua" berreskuratu nahi du San Sebastian Circuit Spirit rallyak, 1923tik 1935era egin ziren "lasterketa handiak" gogora ekarrita.