Eusko Jaurlaritzak gaur, irailaren 22an, hasi ditu Anes Arrinda pasealekuaren eskuinaldeko galtzada-harrizko zoladura konpontzeko lanak. Udalak jakinarazi du jarduketak hiru aste inguru iraungo duela, eta pasealekuko zenbait puntutan egingo dituztela lanak, zoruan dauden irregulartasunak konpontzeko helburuz.
Zehaztu dutenez, kalteak, nagusiki, kaiko betelanaren asentamenduak eta lorategien inguruko landareriaren sustraien hazkundeak eragin dituzte; deformazio horiek desnibelak sortzen dituzte zoladuran, ingurutik igarotzen diren herritarren estropezu egiteko eta erortzeko arriskua areagotuz.
Lanek dirauten bitartean, kaltetutako guneetako galtzada-harriak kendu, zoladuraren oinarria saneatu, eta zahorra eta harea geruza berriak jarriko ditute, ondoren galtzada-harria berriz ere jartzeko. Era berean, beharrezkoa izango da hiri-altzari batzuk aldi baterako kentzea, eta lanak amaitutakoan berriro jarriko dituzte.
Datozen asteotan, beharrezko makineria eta materiala lan-eremura sartu ahal izateko, beharginek hondartzako pasealekua edo gertuko zubia erabili ahal izango dutela jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak Udalari.