Burdin Kurutz taldeko arduradunak gustura azaldu dira ikasturte honetan ikasleekin egindako lehen mendi irteerarekin. "Guztira, 83 parte-hartzaile batu ginen. Tartean ziren ikasleak eta haien gurasoak, beti bezala, baina bereziki pozgarria da ikasle berri ugari ikusi izana, Lehen Hezkuntzako 1. mailakoak asko, 6-7 urtekoak", nabarmendu du Joxe Mari Altzibar mendi taldeko kideak.
Irteeran izan zuten eguraldi ona eta "giro ederra" azpimarratu dute antolatzaileek. Goiz pasa egin zuten partaideek; 09:30ak aldera abiatu eta 13:00etarako ziren bueltan. Eta, zehaztu dutenez, ibilbidea ez zuten ohiko bidetik egin: "Jende gutxik ezagutzen dituen tokietatik ibili ginen, Sorazu txikitik eta Maruko errekatik igarota, adibidez. Sasoi batean, Errotaberritik Itziarrera joateko Maruko errekaren zubi albotik igarotzen ziren auzotarrak. Oso paraje ederrak dira, oso hezeak, eta begetazio handikoak".
Ikasleei zuzendutako hurrengo txangoa urriaren 25erako iragarri dute; San Pedro-Kalamua-Arrate ingurura joko dute mendizaleek.