Hiru jardueraz osatutako egitaraua ondu du; joan den igandean (irailak 20) eman zioten hasiera, La misteriosa mirada del flamenco dokumentalaren proiekzioarekin eta ondorengo solasaldiarekin, eta urrirako iragarri dituzte gainontzeko bi ekitaldiak.
Lehenengo hamabostaldian, urriaren 1etik 15era bitartean, Ni naiz naizena argazki erakusketa izango da ikusgai, erakusketa gelan, Gehitu elkartearen eskutik. Hilaren 25ean, berriz, haurrei zuzendutako Izena duen guztia antzezlana aurkeztuko dute, Agirre jauregiko Ispiluen gelan, 17:30ean.
Parte hartzeko deia
Udalak azpimarratu du aniztasunaren aldeko lana ez dela mugatu behar data zehatzetara, eguneroko jardunean erakutsi edo landu beharreko konpromisoa dela sinetsita. Hala, LGTBIAQ+ errealitateak ezagutarazi eta berdintasuna eta errespetua sustatzeko helburuarekin antolatutako ekintzetan parte hartzeko dei egin die herritarrei.