Makala dut izena eta Calbeton zumardiko zuhaitzik zaharrenetakoa naiz. Denek ezagutzen naute: kioskoaren plazako zuhaitzik handiena naiz, eta udan zein jaietan Pinilla familiaren txurro-denda izaten dut ondoan. Nire adina... auskalo! Jaiotza-agiria galdu nuen, baina ziur aski badut mende bat jada. Denbora honetan guztian Debako adierazpen kultural, politiko eta sozialen zein gazteen lehenengo musuen lekuko izan naiz. Batzuk jaramonik egin gabe igarotzen dira nire aurretik, baina hitz egingo banu... ene bada, zenbat sekretu kontatuko nituzkeen! Hala ere, nahiago dut isilik geratu, eta lagun ditudan gainontzeko zuhaitzek eta txorien dioten bezala: "Ez da ezin dugunik hitz egin, baina nahiago dugu isilik egon".
Kioskoaren plaza honetan debarren bizitzaren zati handi bat igarotzen ikusi dut. Jende asko ezagutu dut, eta dagoeneko hemen ez dauden hainbat eta hainbat debar zein udatiarren hutsunea igartzen dut. Familiek zumardi honetan zehar paseatu izan dute beti, eta nire aurretik igarotzea ia ezinbestekoa zen, eta bada oraindik ere.
Bizi izan ditudan gauza asko ahaztu ere egin zaizkit. Artean oso txikia nintzen eta ez dut ondo gogoratzen kiosko zaharra; nagoen tokitik, sasoi bateko Bastion kalearen (gaur egungo Lersundi) sarreran ikusten nuen eraikuntza hura. Ondo gogoan dut, ordea, kiosko berria nola egin zuten 1950ean; 50eko kintakoa da, eta ordurako 50 urte inguru nituen nik. Eta, nola ez, gogoan ditut musika bandak kiosko zaharrean zein berrian dantzaldiekin giroa alaitzen zituen garaiak. Dantzaldi haiek ia galduta daude jada, baina jaiak ez du etenik; gogoangarriak izan ziren 1964 eta 1965eko Euskal Jaiak —jarraipenik ez zuten izan gerokoan, grisek herria hartu zutelako—, Ozio-Bideren danborrada, Oskorriren emanaldia, moda-desfileak, plazan eta inguruetan egiten ziren jolasak...
Haurren eta helduen janzkerak eta modak asko aldatu dira; nik, ordea, hosto berdedun jantziarekin jarraitzen dut udaberrian, eta biluztu egiten naiz udazkenean, neguan hibernatzeko.
80ko hamarkadan, zenbait debarrek —tartean Iñaki Elosuak eta Epeldek— gaixorik ikusi ninduten eta maitasun handiz zaindu ninduten, ni moztea eragotziz. Ez dut oso ondo gogoratzen, baina, dirudienez, luzaro egon nintzen gaixorik. Iñakik eta Jesus Marik kontatu didatenez, pasabidera ematen zuen adar handi bat inausi zidaten, eroriko zitzaidan beldurrez. Inausketa ez zen ondo atera, nonbait, eta zauria usteltzen hasi zitzaidan. Orduan, Epeldek plastiko batekin estali zidan eta Iñakik gainetik margotu zuen, zuek zaurietan Betadine jarri ohi duzuen bezalaxe. Eta zer gertatu zen? Ba, Jesus Marik uste duenez (ondo gogoan ez badu ere), txerto bat egin zidatela ebakian; Iñakik uste duenez, berriz, zaurian sendaketa egin ostean, txertorik gabe, ni neu joan nintzen pixkanaka osatzen, enborraren jarraipen bilakatu nintzen arte, arakaitzik gabe.
Osasunari dagokionez, asko bidaiatzen duten eta asko dakiten txoriek esan didatenez, nire DNAn omen dago guztia: 100 urte bete ondoren ohikoa omen da kandelabro itxurako adarrak (gure espeziaren ikurra) erortzen hastea edo beren pisuagatik ezin gehiago eutsi eta askatzea. Beraz, ohar bat bertatik igarotzen zaretenontzat: minik ez emateko, gomendagarria litzateke adarrei eusten lagunduko didaten euskarri batzuk jartzea; bestelakoan, azken irtenbidea ni moztea izango litzateke-eta.
Kimatze garaian ere bi adiskide on ditut: Jesus eta Mila, gure zaintzaileak. Bi urtetik behin maitasunez kimatzen naute, platano arruntei eta beste zuhaitz batzuei bezala kaskamotz utzi gabe. Nire zaintzaileek nirekin hitz egiten dute; nire konfiantzakoak dira, nire sekretuak gordetzen dituzte eta isilik egoteko eskatzen diet.
Beti galdetzen diot nire buruari zergatik ez dioten kioskoaren plaza honi —nire plazari— Tene Mujika edo antzeko izen propio bat jartzen. Txolarreek izen hori duen plaza bat badagoela esaten badidate ere, ezkutatuta dago, ia ezezaguna da, Osasun Zentroaren atzean baitago.
Lehen zein orain, Debako istorioren bat kontatzera datorren txoriren baten bisita izaten dut beti... Ah, hitz egingo banu!
Zumarditik paseatzerakoan, agurtu nazazue.