Hutsik egin gabe, iraileko azken larunbatean ospatuko dute Euskal Jaia Deban. Ohiko osagaiak eta egitaraua izango ditu jaiak, eta ez dira faltako urtez urte ospakizuna berezi egiten duten musika eta dantza ekitaldiak, ezta herri bazkari jendetsua ere; berritasunik ere izango da, baina, aurten. Asteartean (irailak 22) zabaldu zuten Udalak eta herriko hainbat eragilek ondutako programazioa, eta baserritar jantzita joateko eskaeraren oharra ere txertatu dute kartelean.
Festa giroa bihar (hilak 25) hasiko da; egun handiaren bezperan, hain zuzen. Azken urteotan bezalaxe, Kalean Kantuzek kantaldia egingo du herriguneko kaleetan, 19:30ean hasita.
Biharamunerako, berriz, goizetik gauera arteko ekintza sorta prestatu dute. Hasteko, goizean goiz, Segurako taloen postua jarriko dute Plaza Zaharrean. Eta, 10:00etarako, Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak zumardian jarrita du hitzordua, pintxo lehiaketa antolatu baitu, estreinakoz, HH5 eta LH6 bitarteko haurrei zuzenduta –HH5 eta LH 1-2 mailetako ikasleek helduren baten laguntzarekin parte hartuko dute–. 6-8 laguneko taldeak izango dira lehian; bospasei talde bai, gutxienez. Lehiaketa hasi eta ordubetera, 11:00 aldera, Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako mural margotzea egingo dute.
Ordu bertsuan, Kalez Kale taldeko txistulariak irtengo dira kalejiran; 11:30ean, Zubietako joaldunen txanda izango da: eta eguerdian, Gure Kai taldeko eta Musika Eskolako dantzariek hartuko dute kalea. 13:30ean hasita, berriz, trikitilariek girotuko dute herrigunea.
Herri bazkaria pilotalekuan
Aldats pilotalekura lekualdatuko da festa giroa bazkalorduan, ohiturari eutsiz, herri bazkaria antolatu baitu Zuhatzak, 15:00etarako. 600 lagunentzako tokia egongo da otorduan, eta nork bere janaria eraman dezake; bazkaltiar askok, baina, euskara elkarteko kideek prestatuko duten paella-jana dastatuko dute aurten ere –ordu gutxian saldu zituzten txartel guztiak; 350, guztira–. Laja eta Lutxurdio trikitilariek alaituko dute bazkalostea, 19:00etara arte.
Antolaketa lanetan aritzeko boluntarioak beharko dituztela gogorarazi dute, beste behin ere, antolatzaileek. Laguntzeko prest daudenek 613 92 01 73 telefonora deitu edo idatzi dezakete.
Arratsaldean, buruhandiak ibiliko dira kalez kale, 18:00etan hasita, eta Debrass Band-en kalejira 19:00etan hasiko da. Ahantzi taldearen erromeriak itxiko du egitaraua, 23:00etan, Foruen plazan.