Giro paregabea nagusi Debako Euskal Jaian

Nerea Bedialauneta Alkorta

Baserritar jantziak soinean, hitzordu berezia izan zuten debarrek larunbatean (irailak 26). Ohitura zaharrak oinarri, eta eguraldi ona lagun, goizetik hasi eta hurrengo eguneko ordu txikiak arte, Euskal Jaiko giro paregabeaz gozatzeko aukera izan zen.

Egun handia larunbatekoa (irailak 26) izan bazen ere, bezperan (irailak 25) hasi ziren jairako motorrak berotzen. Ohitura bihurtu den bezala, Kalean Kantuzekoek abesti herrikoiak kantatu zituzten iluntzean, kalean ordu horretan zebiltzan herritarrak kantaldian parte hartzera animatuz. 

Egun handiari, berriz, Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak zumardiko kioskoaren bueltan egindako ekintzekin eman zioten hasiera. Talde jolasak egin zituzten eta mural bat ere margotu zuten, eta, tartean, pintxo lehiaketa ere egin zuten. Antolakuntzak emandako datuen arabera, 81 bat haur eta gaztetxok parte hartu zuten ekintzetan eta, hortik, hamahiru taldek eman zuten izena aurten estreinakoz egin den pintxo lehiaketan. 

Parte hartu zuten taldeen artean Gazta patata, Bost izar mitxelin eta LH4ko neskek osatutako taldea izan ziren onenak. Azkenean, LH4ko neskek eraman zuten sari nagusia, fuet, maionesa eta olibekin egindako sorkuntzari esker.

Eta, ondorengo orduetan, musikaz eta dantzaz bete ziren kaleak. Kalez Kale txistulari taldea eta Zubietako joaldunak herriko bazterrak alaitzen ibili ziren. Jarraian, euskal dantzez gozatzeko aukera izan zen; Musika Eskolako eta Gure Kai euskal dantza taldeko dantzariak arduratu ziren zeregin horretaz. Hiru geldialdi egin zituzten: lehena Berasaluze plazan, bigarrena Plaza Zaharrean, eta emanaldia Foruen Plazan amaitu zuten.

Baratxuri Zopa kantaldi herrikoian parte hartu zutenak ere ibili ziren bazkal aurreko orduak girotzen,  baita trikitilariak ere, trikitia eta panderoa eskuetan hartuta.

Pilotalekua, beste behin, beteta

Aldats pilotalekuan egin zen herri bazkariak harrera bikaina izan zuen beste behin. Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako herri bazkariak adin guztietako 550 lagun inguru bildu zituen, lagun arteko giro eder eta euskaldunean.

Jan-edanaz gozatu ondoren, txapel jaurtiketari ekin zioten. Aurreko urteetan irrintzi txapelketa antolatu ohi dute euskara elkartekoek, baina, aurten, berritasun gisa, txapela aitzurrean sartu behar izan dute parte hartzaileek. Dozenaka herritarrek hartu zuten parte, eta horietan abilenak Unai Martiartu eta Aritz Aperribai izan ziren. Berdinketa egin zuten, eta hiru aldiz saiatu ondoren berdinketarekin jarraitzen zutenez, antolakuntzak biei eman zien saria.

Aurten zozkatutako bi otarreen irabazleak.

 

Zuhatzak urtero zozkatzen dituen saskien zenbaki irabazleak ere bazkalostean iragarri zituzten. Lehen saskiaren irabazlea 1442 zenbakia izan zen (5783 ordezkoa), eta bigarrena, aldiz, 8948 (13074 ordezkoa). Arratsaldean bertan agertu ziren sarituak, eta Edurne Uriak irabazi zuen lehen otarrea eta Mikel Arrizabalagak bigarrena. Hirugarren otar bat ere zozkatu zuten txartelak erosi zituzten bazkideen artean, eta hori Martxel Etxanizi egokitu zitzaion.

Zuhatzak, gainera, aurten apustu egitera animatu ditu herritarrak; kalabaza baten pisua asmatu behar zuten horiek. Pisura gehien hurbildu zena Itzale Laka izan zen; 13,4 kilo pisatzen zituen kalabazak, eta Lakak 13,25 zuela apustu egin zuen; beraz, beretzat izan ziren kalabaza eta ahuntz gazta ere.

Ondorengo orduetan, kantuan eta dantzan ibili ziren pilotalekuan batutakoak; Laja eta Lutxurdixoren trikiti eta pandero doinuek jende asko jarri zuten dantzan.

Jaia amaitzeko, buruhandiak eta musika izan ziren. Herriko haur eta gaztetxoak gogotsu ibili ziren buruhandien aurretik korrika, eta Debrass Bandeko kideek girotu zuten iluntzea. Eguna amaitzeko, Ahantzi taldearen erromeria izan zen Foruen Plazan.