Abian dago jadanik Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Tene Mujika beka, Euskal Herriko historia hurbilaz idatzitako euskarazko sorkuntza-proiektuak sustatzeko xedez. Abenduaren 14an itxiko dute proiektuak aurkezteko epea eta, jakinarazi dutenez, 8.000 euroko dirulaguntza emango diote lan irabazleari.
Azken 50-75 urteetan gure herrian izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez daitezke deialdira. Udalak gogorarazi bezala, "Tene Mujika bekaren helburua da azken hamarkadetako memoria eta ezagutza gizarteratuko duten lanak bultzatzea, ikuspegi literario eta dibulgatibo batetik. Deialdiak ez ditu fikziozko proiektuak onartuko, baina egileak materialari tratamendu literarioa emateko aukera izango du". Gaineratu dutenez, lana jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko da; biografia, kronika, erreportaje, saiakera, elkarrizketa edo ikerketa formatuak onartuko dituzte.
Parte hartu nahi duten pertsonek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: egilearen curriculum laburra, proiektuaren azalpena (3 eta 6 orrialde artekoa) eta idazlanaren lagin edo erakusgarri bat (15 eta 20 orrialde artekoa). Dokumentazioa euskara@deba.eus helbidera bidali beharko da, 2026ko abenduaren 14a baino lehen.
Epaimahaia Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatuko dute, eta 2027ko urtarrilaren 18a baino lehen jakinaraziko dute azken erabakia.