Debako Udalak trenen maiztasuna handitzeko "aurrerapausoak" eskatu dizkio ETSri

Izaro Aulestiarte Lete

Udal gobernuak azaldu du "aurrerapen zehatzak" eskatu dizkiola Euskal Trenbide Sareari, tren zerbitzua indartzeko konpromisoa betetzeko.

Herritarren aspaldiko eskaera bati erantzuteko helburuz, Debako tren zerbitzuaren maiztasuna handitzeko lanean jarraitzen duela gogorarazi du udal gobernuak. Azaldu dutenez, hain zuzen, Alazne Txurruka alkateak Antonio Lopez Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusiarekin hitz egin berri du, tren zerbitzua hobetzeko beharra helarazteko eta zerbitzua hobetzea ahalbidetuko luketen azpiegituren egoerari buruzko informazio eguneratua eskatzeko.

Asteartean, hilak 29, zabaldutako prentsa oharrean aipatu bezala, "tren bidezko konexioa hobetzea eta itxaronaldiak murriztea Udalak urte askoan zehar helarazi duen eskaera da". Eta aldarrikapen horrek herritarren babes zabala duela ere ekarri dute gogora, Deban eta inguruko herrietan milaka sinadura bildu baitzituzten tren zerbitzuaren maiztasuna ordu-erdira murritzeko eskatuz. "Helburua tren zerbitzu eraginkorragoa eta herritarren eguneroko beharretara egokituagoa lortzea da, bereziki garraio publiko hori egunero erabiltzen duten pertsonentzat", laburbildu dute.

Beren esanetan, aurreko bileretan, ETSk Udalari jakinarazi zion trenen maiztasuna handitzeko aukera hainbat azpiegitura-jarduketa amaitzearekin lotuta zegoela; besteak beste, Altzolako eta Aginagako tunel berriekin. Adierazi zieten lan horiek 2026ko hasierarako amaituta egotea aurreikusten zutela, eta horrek ahalbidetu ahalko lukeela trenen maiztasuna handitzea. Baina, gaur-gaurkoz, epea igaro den arren, zerbitzua ez dute indartu, eta horregatik jo du Udalak berriz ere ETSra, "maiztasun berriak ezartzeko aurreikusitako egutegiaren, azpiegituren egoeraren eta atzerapenen arrazoien inguruko informazio eguneratua eskatzeko".

Udalak aipatu du ETSren eta eskumena duten gainerako erakundeen aurrean "tren zerbitzuaren hobekuntza defendatzeko eta herritarrei konpromiso horren bilakaerari buruzko informazio gardena helarazteko" beharrezko gestioak egiten segiko duela.