Hamalau bikotek lehiatuko dute igandean hasiko den Nesken Binakako XIV. Pala Txapelketa

Nerea Bedialauneta Alkorta

Iazko finalean ateratako talde argazkia.

Lesioak tarteko, ohikoa baino parte-hartze txikiagoa izango du ekimenak.

Hastear da Nesken Binakako XIV. Pala Txapelketa-XI. Maite Etxeberria Memoriala. Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak antolatu du aurten ere txapelketa, eta, jakinarazi dutenez, etzi (urriak 4) jokatuko da lehen jardunaldia, Aldats pilotalekuan. Zehazki, hiru norgehiagoka —honakoak— ikusteko aukera izango da, 10:00etan hasita. 

Partidak astero jokatuko dituzte: ostegunetan 19:00etan eta igandeetan, berriz, 10:00etan. Hasieran, bikoteek elkarren kontra neurtuko dituzte indarrak, ligaxka-sisteman. Azaroaren 8an emango diote amaiera fase horri, eta ondoren erabakiko da azken txanpa; dena ondo bidean, azaroaren 21ean amaituko da lehia.

Antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, hamalau bikotek jardungo dute aurten lehian: horietatik sei lehen mailan ariko dira eta beste zortzi, bigarrenean. Debatik, Mutrikutik, Elgoibartik, Zizurkildik, Zumaiatik eta Zarauztik etorritako kirolariek osatuko dute taldea.

Hainbeste emakume palan ariko direla jakinda, pozik daude antolatzaileak, baina "pixka bat penatuta" ere bai, lehian ohikoak diren zenbait bikotek ez baitute aurtengoan parte hartuko, lesioak direla eta.