Igandean ikasleekin Kalamua eta inguruetara joateko irteera antolatu du Burdin Kurutzek

Nerea Bedialauneta Alkorta

Goiz pasa bat egitea proposatu dute mendi elkarteko kideek. Zabalik dago izena emateko aukera. 

Hilabete honetako ikasleentzako mendi irteera Kalamua eta inguruetara egitea erabaki dute Burdin Kurutz mendi taldeko kideek. Azaldu dutenez, goiz pasa proposatu dute iganderako (urriak 25). 08:30ean elkartuko dira autobus geltokian, eta handik autobusez abiatuko dira irteera puntura.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Elgoibarko Idotorbe auzoan (San Pedro izenez ere ezaguna) hasi eta Eibarko Arrate auzoan amaituko dute ibilbidea. Guztira, zortzi kilometroko ibilbidea egingo dute, 500 metroko desnibel positiboarekin eta negatiboarekin. Bidean, Kalamua (770 metro) eta Akondia (749 metro) tontorretatik ere igaroko dira mendizale gazteak.

Txangoan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako azken eguna osteguna (urriak 22) izango dela gogorarazi dute antolatzaileek. Izen-ematea ohiko bideetatik egin beharko da: ikasleek eskolan bertan egin dezakete, eta haiekin batera joan nahi duten helduek, berriz, Burdin Kurutz taldeko Whatsapp taldean idatzita edo mendi taldeko norbaitengana hurbilduta.