Debako Kultur Elkarteak Jon Plazaolaren AA Aita umorezko bakarrizketa hartuko du azaroaren 6an, ostiralez. Hasieran, emanaldi bakarra zegoen aurreikusita, 20:00etan, baina ikuskizunak izan dezakeen harrera beroa ikusita, saio bikoitza izango dela iragarri dute azken orduetan; 18:30ean izango da lehenengo emanaldia, eta 20:30ean bigarrena.
Antolatzaileek azaldu bezala, gehienetan Internet bidez saltzen dituzte ikuskizunetarako sarrerak, baina zuzeneko salmenta egingo dute oraingoan, bertoko ikusleei lehentasuna emateko helburuz. Gaur (urriak 21) jarriko dituzte salgai bi saioetarako txartelak, 17:00etatik 20:00etara, Kultur Elkartean bertan. Zortzi euroan erosi ahal izango da sarrera bakoitza eta, gehienez, bi txartel eskuratu ahal izango dira pertsonako; ordainketa eskudirutan egin behar dela ohartarazi dute.
Umorea eta komedia ardatz hartuta, aktore urretxuarrak aitatasuna du hizpide AA Aita ikuskizunean. Aurreko lanen arrakastaren ondoren, honako honetan ere esperientzia pertsonalak baliatzen ditu Plazaolak, "patetismoa eta ergelkeria, propioa zein giza izaerari dagokiona, aztertzeko".