600 lagun batu ziren Deban ospatutako Basotik Txirrindulari Festara

Izaro Aulestiarte Lete

Antolatzaileak gustura azaldu dira, Debak larunbatean (hilak 24) "txirrindularitzaren, ongizatearen eta naturaren aldeko festa handia" hartu zuela nabarmenduta.

Bigarrenez, herritarrek harrera beroa egin diote Basotik Txirrindularitza Festari, eta jardunaldia antolatzen duen Basotik Fundazioa esker oneko azaldu da biharamunean. Eguraldi ona lagun, guztira, 600 lagun bildu zituen larunbateko ekimenak, iazko partaide kopurua gaindituta: Zikloturista Martxan 450 helduk parte hartu zuten (iaz baino ehun gehiagok), eta Txirrindulari Txiki Festan, aldiz, 150 haur eta familiako kide elkartu ziren.

Zikloturista Martxako parte-hartzaileek 89 kilometroko ibilbidea osatu zuten; Foruen plazatik abiatu ziren txirrindulariak, 09:00etan, eta zumardia izan zuten helmuga, 13:00 aldera. Herritarrekin batera, txirrindularitza profesionaleko hainbat ordezkarik ere parte hartu zuten proban. Bertan izan ziren, esaterako, Laboral Kutxa Team taldeko Usoa Ostolaza, Irati Aranguren, Idoia Eraso eta Naia Amondarain, Euskaltel Euskadi taldeko Mikel Bizkarra eta BBK Sub 23 taldeko Aimar Galdos.

Haurrei eta familiei zuzendutako Txirrindulari Txiki Festako partaideek, berriz, lau kilometroko martxa egin zuten eta, ondoren, bizikleta-ginkana.

Bi martxak amaitutakoan, zumardia izan zen festaren bilgune nagusia. Bertan elkartu ziren txirrindulariak, haurrak, familiak eta herritarrak, bi bizikletaren zozketaz, pintxoez eta parrilladaz gozatzeko.

Kirola, natura eta basoen zaintza, eskutik helduta

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, kirola, natura eta familia giroa uztartzen ditu jardunaldiak, "bizimodu osasungarria sustatzeko eta basoen zaintzaren garrantzia herritarrengana hurbiltzeko" helburuz. Ekimenaren izaera soziala nabarmendu du, hain justu, Basotik Fundazioko zuzendari nagusi Jon Ander Ostolazak. "Basoak zaintzea etorkizuna zaintzea da. Festa honen bidez, herritarrak naturara hurbildu nahi ditugu, basoek gure osasunean eta ongizatean duten garrantzia erakutsiz", azpimarratu du.

Alazne Txurruka alkateak, bere aldetik, ekimenaren bueltan herrian sortutako giroa nabarmendu du, Debako kaleak haurrez, familiez eta txirrindulariz beteta ikustea "pozgarria" dela adieraziz. Bere esanetan, "kirola, natura eta herritarren arteko harremanak sustatzen dituzten ekimenek gure herria biziberritzen dute". Eta, bestalde, Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Ondareko zuzendariak basoen zaintzan gizarte osoak duen eginkizunean jarri du arreta: "Gipuzkoako basoak guztion ondarea dira. Haien etorkizuna bermatzeko, erakundeen eta basoen jabeen lanarekin batera, herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa da".

Argazkiak: Basotik Fundazioa, Debako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.