Bowfinger International Pictures ekoiztetxeko lantaldeak goizean goiz ekin die 'El hijo de todos' fikziozko film luzearen grabaketa lanei. 07:00ak geroztik, herriko hainbat lekutan ari dira lanean, hala nola tren geltokiaren inguruetan, Arakistain plazan, Ostolaza kalean, San Roke kalean nahiz Lersundin, eta ezohiko itxura hartu du erdiguneak. Zalantzarik gabe, ikusmina sortu dute grabaketa lanek, batek baino gehiagok hartu baititu irudiak, urrutitik bada ere, mugikorreko kamerarekin.
Besteak beste, furgoneta ugari daude aparkatuta erdiguneko bi plazetan, Aldats pilotalekua aktoreen makillaje- eta jantzi-lanetarako baliatzen ari dira, filmeko eszenografiaren parte den kiosko bat jarri dute udaletxe azpian hainbat orduz, garaiko autoak eta jantziak ikusteko aukera izan da hainbat eszenatan, eta kaleak zein saltokietako erakusleihoak ere propio dekoratu dituzte filmaketa lanetarako. Aktore eta figuranteez gain, teknikari eta kamelarari ugari ari dira alde batetik bestera, eta plazarako nahiz kaleetarako sarreretan hainbat lagun dabiltza lanean, petoak soinean, herritarrak ohartaraziz.
Udalak azaldu duenez, grabaketak 19:00etara bitartean egingo dituzte. Hortaz, ordura arte ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorrietan etenaldiak izango dira, gehienez ere hiru minutukoak. Aldizkako trafiko eten horiek N-634 errepidean egiten ari dira; goizean, tren geltokiaren parean izan dira, 08:00etatik 13:00etara, gutxi gorabehera. Arratsaldean, berriz, 14:00etatik 16:00etara, mozketak Lersundi kaletik N-634 errepiderako irteeran egingo dituzte.
Alvaro Brechner zuzendariaren lana da 'El hijo de todos' eta, besteren artean, Pol Monen, Laia Manzanares, Maria Botto, Jose Luis Garcia Perez eta Asier Etxeandia ditu protagonista. Ekoiztetxeak jakinarazi du urrian ekin dietela grabaketa lanei, Euskal Herriko herri eta kokagune ezberdinetan, eta datozen egunotan inguruotan ariko dira; Deban ez ezik, Ermuan ere asteon, besteak beste.