Giro onean, Burdin Kurutzekin, Kalamuan eta inguruetan

Izaro Aulestiarte Lete

Eguraldia lagun, talde argazki ederrak laga zituen Burdin Kurutz Mendi Taldeak joan den igandean, hilaren 25ean, ikasleekin eta haien etxekoekin egindako mendi irteerak.

Guztira, 84 lagun batu ziren pasa den igandean (hilak 25) Kalamuara eta inguruetara egindako mendi ibilaldira; tartean ziren 43 ikasle eta haien gurasoak, eta "goiz pasa polita" egin zutela nabarmendu du Joxe Mari Altzibar Burdin Kurutz taldeko kideak. Zortzi kilometroko ibilbidea osatu zuten partaideek, Elgoibarko Idotorbe auzoan hasi eta Arraten bukatuz, eta Kalamua nahiz Akondiatik ere igaro ziren mendizaleak. 

"Eguraldia lagun, giro ona izan genuen. San Pedro elizaren inguruetatik abiatu ginen eta handik Kalamuako lautadarako bidea hartu genuen. Bertan jan genuen hamarretakoa eta, atseden hartu bitartean, umeak jolasean ibili ziren, gustura".

Mokaduaren ostean ekin zioten Kalamuako tontorrerako bideari, eta handik, berriz, Arratera jo zuten: "Akondiara igo ginen lehenengo, eta han lubakien aztarnak ikusteko tarte bat ere hartu genuen", gaineratu du Altzibarrek.

Azaroaren 22an izango da Burdin Kurutzek ikasturte honetarako iragarri duen hurrengo txangoa: Otogoien-Ganalto-Otogoien ibilbide zirkularra egitea proposatu du mendi taldeak.