Ikasleen laguntzaz, mugikorrak erabiltzen ikasteko tailerra egingo du Arbilek

Izaro Aulestiarte Lete

Arbil Elkarte Sozialak hainbat jarduera antolatu ditu azarorako eta iragarritako ekintzen artean telefono mugikorra erabiltzen ikasteko oinarrizko tailerra nabarmendu dute antolatzaileek. Hiru saio egingo dituzte guztira, Mendatako ikasleek gidatuta.

Iaz bezalaxe, telefono mugikorrak erabiltzen ikasteko tailerra iragarri du Arbil elkarteak azarorako. Ez da ohiko tailerra izango, ordea. Izan ere, belaunaldien arteko elkarlana sustatuz, Mendatako ikasleekin egingo baitute, bigarrenez, ikastaroa. WhatsApparen erabilerari buruzko zalantzak argitzen saiatuko dira ikasleak eta, besteak beste, sakelakoarekin argazkiak ateratzen eta partekatzen ere erakutsiko diete partaideei.

Azaroaren 10ean, 17an eta 24an izango dira saioak, 10:30etik 11:15era bitartean, Arbil elkartean. Tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, elkartean bertan, astelehenetan nahiz asteazkenetan, 11:00etatik 12:30era.