Duela gutxi, Gipuzkoako txapeldun izan zara gizonezkoen 18 urtez azpikoen mailan, eta Open mailan bigarren amaitu duzu. Pozik al zaude azken bi lorpen horiekin?
Oso pozik nago. Izan ere, denbora neraman txapelketarik irabazi gabe, eta horrek sekulako indarra eman zidan aurrera jarraitzeko.
Espero zenuen hain emaitza ona izatea?
Ba, egia esan, ez nuen burua txapela irabaztean jarrita. Argi dago irabazteko gogoa nuela, baina txapelketara disfrutatzera eta gauzak ahalik eta ondoen egitera joan nintzen. Azken finean, nire surf egiteko moduarekin eta lehiatzeko erarekin gustura sentitzea zen helburua.
Duela gutxi, Irlandan izan zara, EuroSurf Junior txapelketa lehiatzen. Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia oso ona izan da. Nire iritziz, denboraldiko txapelketarik gogoangarriena izan da. Lehen aldia zen Espainiako Selekzioarekin parte hartzen nuela, eta, horrelako txapelketa batean maila handia egoten denez, besteekin alderatuta zein mailatan nagoen ikusteko eta, bide batez, asko ikasteko balio izan dit; horrek gehiago entrenatzeko eta gauzak ahalik eta ondoen egiteko motibatu nau. Emaitzari dagokionez, ordea, ez nintzen oso gustura geratu erakutsitako mailarekin; uste dut maila hobea eman nezakeela.
Zergatik?
Nahiko ondo joan nintzen prestatuta, eta han ere ondo sentitu nintzen surfean. Nire txandetan, ordea, ez nintzen oso ondo lehiatu; itsasoaren egoera eskasarengatik, espero baino lehenago kaleratu ninduten.
Selekzio gisa, gainera, talde-lan bikaina egin zenuten, eta zilarrezko dominarekin itzuli zineten.
Taldearekin oso gustura sentitu nintzen, eta, nire ustez, talde bikaina osatu genuen.
Euskalsurf zirkuituan ere parte hartu duzu.
Irailean Sopelan jokatutako proban laugarren geratu nintzen, baina Bakion jokatu zen azken bigarren proban ezin izan nuen parte hartu, Irlandan bainengoen, EuroSurf Junior txapelketan. Mundakakoa izango da azken proba, baina ez naiz sailkatu, Bakion parte hartu ez nuelako.
Denboraldia amaitzear zaude. Zer-nolako laburpena egingo zenuke?
Emaitzei dagokienez, denboraldia ez da izan gustatuko litzaidakeen bezalakoa. Pare bat emaitza on lortu ditudan arren, ez dut beste emaitza aipagarririk eskuratu. Dena den, surfean eta lehiatzen gustura nabilela aitortu behar dut, eta horrekin gustura nago.
Zehazki, zenbat proba falta zaizkizu eta zer helbururekin amaitu nahiko zenuke?
Astebete barru, Pro Junior mailako azken bi probak izango ditut, eta horiekin amaituko dut denboraldia. Lehenengoa Asturiasen izango da, azaroaren 5etik 8ra, eta bestea, Marokon, azaroaren 11tik 18ra. Txapelketa horietara lana ahalik eta ondoen egitera eta sailkapen nagusian postuak igotzeko asmoz noa. Egia esan, ez dut helburu zehatzik finkatu: nahi dudan bakarra da surfean ahalik eta ondoen aritzea eta lehiatzea, egindako lanarekin gustura geratzeko.