Debako Udalak jakinarazi duenez, datorren astean, azaroaren 2tik 6ra bitartean, asfaltatze-lanak egingo dira Agirretxe kale osoan (1, 3, 5 eta 7 zenbakietan izan ezik). Horrek hainbat muga eta aldaketa ekarriko ditu kale horretako aparkalekuetan eta zirkulazioan, baita inguruko kaleetakoetan ere.
Aparkalekuei dagokienez, lanak egingo diren gunean ezingo da aparkatu. Horregatik, ibilgailu guztiak azaroaren 2ko (astelehena) 07:30erako kenduta egon beharko dira. Debekuak, zehazki, 51 aparkalekuri eragiten diola adierazi dute, eta lanak amaitu arte iraungo du; iragarri dutenez, datorren ostiraleko (azaroak 6) 17:30erako amaituta egotea aurreikusten da.
Bestalde, langileak lanean ari diren ordutegian (09:30etik 17:30era), ezingo da ibilgailuekin sartu edo irten eremu horretako garajeetatik, ezta bertatik zirkulatu ere. "Eguneko lanak amaitutakoan, garajeetako sarbidea eta Agirretxe kaleko zirkulazioa berriro baimenduko dira, baina aparkatzeko debekuak indarrean jarraituko du lanak amaitu arte", adierazi dute.
Inguruko kaleetan ere eragina
Lanek gainera, inguruko kaleetako zirkulazioan ere izango dute eragina. San Josepe kalean, esaterako, semaforo bidez araututako bi noranzkoko txandakako zirkulazioa ezarriko dute, azaroaren 2tik 6ra, 09:30etik 17:30era. "Ordutegi horretan, San Josepe, Itziar bidea, Latzurregi, Mogel, Luzaro, Mendata edo Egia auzora joan nahi duten ibilgailuek Osio kaletik sartu beharko dute. Ondoren, Astillero kaleko oinezkoen eremua zeharkatu eta 16. zenbakiaren parean jarriko den semaforora iritsiko dira".
Era berean, Itziar bidetik beherako zirkulazioa eta San Josepe kaleko hiru garajeetako irteerak ere semaforoen bidez araututa egongo direla gaineratu dute. "Azken horietatik irteten diren ibilgailuek beheranzko noranzkoan zirkulatu beharko dute nahitaez, behin-behineko seinaleak errespetatuz".
Seinaleztapena eta bizilagunentzako informazioa
Udalak astelehenean (urriak 26) jarri zituen behin-behineko seinaleak eta informazio-oharrak inguruko atari eta garajeetan. "Horrela, bizilagunek aldez aurretik izango dute murrizketen berri, eta joan-etorriak antolatu ahal izango dituzte".
Debako Udalak, bere aldetik, herritarren laguntza eskatu du, eta behin-behineko seinaleei arreta jartzea, ibilgailuak ezarritako epean kentzea eta lanek iraun bitartean ohiko joan-etorrietan izan daitezkeen aldaketak kontuan hartzea gomendatu du.
