Gaur, azaroaren 3an, hasiko da Altxa Burua Deba-Itziar taldeak hilabete honetarako antolatu duen hitzaldi-sorta, Telmo Lazkano gonbidatuarekin. Hezkuntzaren eta osasun digitalaren esparruan aholkularia, dibulgatzailea eta ikertzaile aplikatua da Lazkano, eta ikasgeletan pantailekin gertatzen ari denaz hitz egingo du Kultur Elkartean, 18:00etatik aurrera, egoeraren diagnostikoa egin eta horren gaineko proposamenak mahaigaineratuz.
Leku berean, baina hilaren 12an, 18:00etan, hezkuntza digitalean aditua den Edurne Emazabel izango da agertokian, Familiak digitalki ahalduntzen; askatasunez hezi aro digitalean gaia hizpide hartuta. Eta, hilaren 24an, berriz, Silvia Cisneros mediku, ikerlari eta osasun digitalean adituaren txanda izango da; Haur eta nerabeen neurogarapen egokirako gakoak izenburupean ariko da, 17:30ean.
Altxa Burua taldeak azaldu bezala, hitzaldi zikloa Deba eta Itziarko hiru ikastetxeetan –Mendatan, Luzaron eta Itziarko Eskolan– ikasturte honetan garatzen ari diren Doitu formazio programarekin lotuta dago; eskoletan lantzen dihardutenaren "osagarri" dira, hain zuzen, solasaldiak.
Ikastetxeentzako eraldaketa digital kontzienterako prestakuntza programa da Doitu. "Altxa Burua Gipuzkoa taldeak duela urtebete aurkeztu zituen Doitu programa eta Reset txostena. Doituk ahalduntze digitala bultzatzea du helburu eta deialdia egin zuten, ikastetxeei formakuntza egin nahi ote zuten galdezka. Bada, zortea izan dugu; guztira hamar bat zentrotan ari dira formakuntza egiten, eta hemengoak daude tartean", azaldu dute.