Hilabete osoko egitarauarekin dator Debako Gazte Asanbladaren 26. urteurrena

Nerea Bedialauneta Alkorta

Gazte Asanbladako kideak, egitarauaren kartelak eskuetan.

Bihar (azaroak 6) hasi eta azaroaren 27ra arte iraungo dute urteurreneko ekitaldiek.

Azkar esaten bada ere, 26 urte igaro dira Debako Gazte Asanbladak bere bideari ekin zionetik. Gorrotoz suntsitu, ilusioz eraiki! lelopean, hilaren 21ean egingo dute ospakizun nagusia, baina hilabete osoko egitarau zabala prestatu dute bertako kideek. Hain zuzen ere, bihar (azaroak 6) abiatuko dituzte ekimenak, eta hurrengo hiru asteburuetan ere izango dira hitzorduak, hilaren 27ra arte. 

Zortzi kidek osatzen dute egun Gazte Asanbladako lantaldea, eta, egindako bideari erreparatuta, harro daude: "Nahiz eta batzuetan indar gehiago eduki edo beste batzuetan gutxiago, beti bertan mantendu da, eta hori eskertzekoa da".

Gaztetxeko kide ohiekin, egungoekin eta herritar guztiekin ospatu nahi dute urteurrena

Pozgarria iruditzen zaie, halaber, "gaur egun dagoen egoera ikusita" Debako gaztetxeak oraindik ere ateak zabalik izatea eta bizirik irautea: "Azken urteotan hutsarazi dituzten gaztetxeen zerrenda luzea da; dena den, gero eta gaztetxe gehiago sortzen ari dira, eta horretaz guztiaz oso harro gaude".

Haien esanetan, ibilbidea "luzea eta esanguratsua" izan da. Horregatik, urte hauetan guztietan proiektuari eutsi diotenei eskerrak eman nahi izan dizkiete, bai iraganean parte hartu dutenei, bai gaur egun bertan dihardutenei ere. "Ibilbide hori posible izan da gaztetxeak defendatzen ditugunon borrokagatik", zehaztu dute. 

Horregatik guztiagatik, herriko gaztetxetik igaro diren guztiekin eta oraindik ere haren parte direnekin partekatu nahi dute ospakizuna, baita herritar guztiekin ere. Izan ere, egitaraua ez diete gazteei soilik zuzendu nahi izan, herriko adin eta kolektibo guztiei baizik.

Bertso afariarekin

Ospakizunei ekiteko, bertso afaria izango da bihar (azaroak 6). 21:30ean hasiko da saioa, gaztetxean, eta Iraide Onaindia, Elixabet Etxandi eta Alexander Idoeta bertsolariek girotuko dute afalostea. Bertaratu nahi dutenek aurrez erosi beharko dituzte sarrerak; 10 euroan jarri dituzte salgai, Koska tabernan.

Antolatzaileek, bestalde, argi utzi nahi izan dute jarduera eskaintza ez dela festara eta dibertsiora soilik mugatuko. "Dena ez da festa izango", ohartarazi dute, eta, aisialdiaz gain, gizarte auziak lantzeko eta horiei buruz hausnartzeko tartea ere hartuko dute. Horrela, hilaren 13an, eztabaida-gune bihurtuko da Kultur Elkartea: 18:00etan hasita, Sexu industria: prostituzioa eta sexualizazioaren aurpegi berriak izeneko solasaldia izango da. 

Asanbladako kideen arabera, gai horrek lotura zuzena du "gaur egun daukagun gizarte kapitalistaren oinarriekin eta baita gizarte matxistarekin ere". Horregatik, halako gaiak urteurreneko programazioan txertatzea erabaki dute. "Guri garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaiak azaleratzea garrantzitsua iruditzen zaigu, batez ere, bizi izaten ari garen gizarte honetan", azaldu dute. 

Ekitaldi nagusia

Hilaren 21ean egingo dute ospakizun nagusia, egun osoko egitarauarekin. 13:00etan karropoteoa izango da eta 15:30ean herri bazkaria egingo dute gaztetxean. Otordurako txartelak 7 euroan daude salgai, Koska tabernan. 

Antolatzaileek herritarren parte hartzea sustatu nahi dute bereziki hitzordu horretan. "Ekitaldi nagusia herri bazkaria izango da, eta bertara ahalik eta jende gehien joatea gustatuko litzaiguke", adierazi dute.

Bazkalostea girotzeko, gainera, bingo musikatua antolatu dute, eta 19:00etan elektrotxaranga aterako da kalera. Gau partean, musika izango da nagusi gaztetxean: 22:00etan Zerotan taldearen erromeria izango da, gauerdian Txamakos taldea igoko da agertokira eta, amaitzeko, 02:00etan DJ Erratzak arduratuko da musika jartzeaz. Gaineratu dutenez, tonbola ere izango da gau osoan. 

Ospakizunen hilabetea agurtzeko, hilaren 27rako haurrei eta familiei zuzendutako eskaintza prestatu dute. 17:00etan hasita, txotxongilo tailerra, ipuin kontaketa eta txokolate-jana egingo dituzte gaztetxean. 

Kamisetak eta izerditakoak

Bestalde, urteurrenerako propio diseinatutako kamisetak eta izerditakoak aterako dituztela ere aurreratu dute Gazte Asanbladako kideek. Laster emango dute horren berri sare sozialen bidez: "Adi egon gure sare sozialei! Laster jarriko ditugu-eta salgai". Horrez gain, oraindik aurreratu ezin duten beste sorpresaren bat edo beste ere prest dutela iragarri dute.

[Ikusi HEMEN egitaraua]