Gipuzkoako Kluben Arteko Emakumezkoen Binakako Gomazko Pala Txapelketa azken txanpan sartu da, eta aurten bigarren mailan lehian aritu diren Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko bi bikoteek finalerdietarako txartela eskuratu dute. Ez hori bakarrik: jokatutako partida guztiak irabazita, biek ala biek lider amaitu dute sailkapen fasea beren multzoetan.
Asteburu honetan jokatuko dira lehen finalaurrekoak, eta, lehen fasean eskuratutako lidergoari esker, etxean bertan, Aldats pilotalekuan, ekingo diote hurrengo faseari. "Guretzat oso garrantzitsua zen talde bakoitza bere multzoan lehen postuan sailkatzea, finalaurrekoetan elkarren aurka ez jokatzeko. Izan ere, lehia hori bizi behar badugu, finalean izan dadila, eta onenak irabaz dezala!", adierazi dute jokalariek.
Azken txanpari begira, helburu argia dutela nabarmendu dute: "Txapela etxean geratzea"
Gaur (azaroak 6), 18:30ean, izango da lehen neurketa; Amaia Aizpuru aurrelari azkoitiarrak eta Maialen Rosa atzelari debarrak osatutako Iruleak 1 bikoteak Txost taldekoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Bihar (azaroak 7), berriz, Elaia Oiartzabal aurrelari debarrak eta Maite Mugartegi atzelari mutrikuarrak osatutako Iruleak 2 bikotearen txanda izango da; Hernani 1 izango dute aurrez aurre, 10:30ean hasita.
"Opari bat"
Txapelketan orain arte egindako ibilbidearekin oso pozik daude Iruleak klubeko kideak. "Partida guztiak irabaztea opari bat izan da. Oso pozik gaude, eta entrenatzen eta bolada on honekin jarraitzen saiatuko gara; ahal bada, txapelketa amaitu arte", erantsi dute.
Azken txanpari begira, helburu argia dutela nabarmendu dute: "Txapela etxean geratzea". Ez hori bakarrik; ahal izanez gero, bi bikoteek finalean elkarren aurka aritu nahiko lukete, "final borrokatu, parekatu eta maila onekoa" jokatzeko.
Horretarako, zaleen babesa ezinbestekoa dela gogorarazi dute. "Zale guztiak animatu nahi ditugu pilotalekura joatera eta gure taldeak babestera. Izan ere, zuen babesa oso garrantzitsua izango da guretzat", zehaztu dute.