Burgosera irteera antolatu du Arbil Elkarte Sozialak

Nerea Bedialauneta Alkorta

Arg.: Visita Burgos

Astelehenean (azaroak 9) zabalduko dute hilaren 19an egingo duten irteerarako izen-ematea. 

Arbil Elkarte Sozialak aurrera jarraitzen du bere ohiko ekimenekin. Oraingoan, Burgosera egingo dute txangoa. Azaroaren 19an bisitatuko dute Gaztela eta Leongo hiriburua eta, ohartarazi dutenez, bertan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena.

Hain zuzen ere, datorren astelehenean (azaroak 9) zabalduko dute aukera hori. Interesa dutenek elkarte sozialak Simon Berasaluze plazan duen egoitzako bulegora bertaratu beharko dute, 11:00etatik aurrera. Irteeraren prezioa 65 eurokoa izango da pertsonako, eta zenbateko horren barruan garraioa eta bazkaria sartzen direla jakinarazi dute. 

Ohi bezala, autobusez egingo dute bidaia. Lehen geldialdia Itziarren egingo dute; 07:45ean jarri dute hitzordua. Ondoren, Debako herritarren txanda izango da; 08:00etan zumardian (hondartza sarreran) jasoko dituzte. Antolatzaileek erantsi dutenez, itzulerako ordua bazkaritan erabakiko dute.

Egitaraua eta jarduerak

Burgosera iritsitakoan, eguneko lehen jarduera Santa Maria la Real de Las Huelgas monasterioa ezagutzea izango da. XII. mendean eraikitako monumentu historikoa bisita gidatu baten bidez ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, haren historia eta ondarea gertutik ezagutuz.

Bisitaren ostean, San Lorenzo erretegian elkartuko dira bazkaltzeko. Bazkalostean, arratsaldea libre izango dute norberak gehien gustuko dituen planak egiteko.