Ostiralean (azaroak 13), herritarrek odola emateko aukera izango dute Deban. Osasun arloko profesionalek 16:30etik 20:30era bitartean egingo dute ateraldia, Ifar kaleko Luzaro ikastetxean. Debako Odol Emaileen Elkarteak antolatutako urteko azken saioa izango da, eta odol-erreserbak bermatzeko helburuarekin, baldintzak betetzen dituzten herritar guztiak bertan parte hartzera deitu dituzte herriko ordezkaritzako kideek.
Zentzu horretan, Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak ohartarazi du egungo odol-erreserben maila oso apala dela, eta, ondorioz, herritarren elkartasuna eta parte-hartzea "inoiz baino beharrezkoagoak direla". Zehazki, O-, A-, B- eta AB- odol moten eskasia nabarmendu dute; hori dela eta, odola ematera gerturatzeko dei berezia egin nahi izan dute.
Hitzordua eskatzeko bideak
Antolakuntza lanak errazteko, aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da. Interesa dutenek bi aukera izango dituzte txanda erreserbatzeko:
- Alde batetik, gotatanta.eus webgunearen bidez eman ahal izango dute izena; bide hori aukeratzen dutenek, asteazkenera arte (azaroak 11) izango dute hitzordua erreserbatzeko aukera hori zabalik.
- Bestela, 623 91 23 03 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita ere eska dezake txanda; kasu horretan, osteguna (azaroak 12) izango da izena emateko azken eguna.
Antolatzaileek, gainera, argitu nahi izan dute gotatanta.eus webgunean agertzen diren txandak ez direla beti eskuragarri dauden aukera guztiak. Hau da, atari horretan une jakin batean ikus daitezkeen leku libreak agortuta ager daitezkeen arren, horrek ez duela esan nahi hitzordurik geratzen ez denik. "Webgunean ez dira erabilgarri dauzkagun hitzordu guztiak agertzen. Beraz, gogorarazi nahi dizuegu Whatsapp edo telefono bidez hitzordu aukera berriak egongo direla horretarako", azaldu dute.