Debako Udalak aurreko ostiralean (azaroak 6) iragarri bezala, gaur goizean (azaroak 9) ekin diete Zumardiko biodibertsitatea eta segurtasuna hobetzeko lanei. Tokiko erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak gauzatuko du egitasmoa, udalak horretarako eskatutako diru-laguntza baliatuta.
Azaldu dutenez, esku-hartzearen helburua da eremuaren balio naturala handitzea, landaredia berritzea eta herritarrentzat zein bisitarientzat ingurune seguruagoa eta atseginagoa sortzea. Horrez gain, espazioaren berezko izaera berreskuratzea ere bada asmoa, besteak beste, zumar kopurua handituta.
Proiektua hainbat fasetan garatuko dute. Lehenengoan, bidearen ertzetan gaur egun landarez osatuta dauden hesiak kendu eta horiek egurrezko segurtasun-hesi berri batzuez ordezkatuko dituzte. Hesi horiek bidearen bi aldeetan kokatuko dituzte, eta horiek ere landarez estaliko dituztela. Landare-hesi berria osatzeko 150 landare inguru landatzea aurreikusten dute; besteak beste, gurbitzak, elorri beltzak, zuhandorrak, erramuak eta Viburnum espezietakoak aukeratu dituzte.
25 zuhaitz kenduko dituzte
Hesiak ordezkatu ondoren, egoera txarrean dauden 25 zuhaitz ere kenduko dituzte. Azpimarratu dutenez, kalteak, akatsak edo gaixotasun-zantzuak dituzten aleak dira, eta, gehienak platanondoak badira ere, horiekin batera indiar gaztainondo batzuk eta lizarrak ere moztuko dituztela jakinarazi dute. "Hasierako aurreikuspenak berrikusi ondoren, Debako Udalak lehentasuna eman dio egungo zuhaitzak kontserbatzeari, eta beharrezkoak diren mozketetarako mugatu du esku-hartzea".
Abenduan, berriz, zuhaitz berriak landatuko dituzte. Aurreikusitako espezieen artean zumarra (Ulmus pumila) eta astigarra (Acer campestre) daude. Gainera, bertako zumarrak landatzeko aukera ere aztertuko dute. Erabaki hori, ordea, haien eskuragarritasunaren eta landaketa egingo den eremuaren ezaugarrien araberakoa izango dela nabarmendu dute.
Materialak eta makineria biltzeko gunea
Lanek iraun bitartean, bestalde, jardunerako beharrezko materialak zein makineria zumardiaren eskuinaldean pilatuko dituzte, Gurutze Gorriaren inguruko zatiaren izkina batean. Moztutako zuhaitzak ere eremu horretan pilatuko dituzte, lanen bilakaeraren arabera.