Iruleak-eko bi bikoteak elkarren aurka arituko dira Gipuzkoako txapelaren bila

Nerea Bedialauneta Alkorta

Finalerdiak irabazi ondoren, txapela Debara etorriko dela ziurtatuta dago. Bihar (azaroak 14) goizean jokatuko dute norgehiagoka, Aldats pilotalekuan. 

Gipuzkoako Binakako Gomazko Paleta Txapelketako emakumezkoen bigarren mailan lehiatzen ari diren Iruleak Emakume Pilotariak klubeko bi bikoteek finalerako txartela eskuratu dute, finalerdietan garaipena lortu ondoren. Horrenbestez, klub bereko ordezkariek neurtuko dituzte indarrak finalean.

Elkar ondo ezagutzen dute, eta horrek are bereziago egingo du bihar (azaroak 14), 11:00etan, Aldats pilotalekuan jokatuko den norgehiagoka. Izan ere, emaitza edozein dela ere, garaikurra etxean geratuko da.

Hutsik egin gabe

Finalerdiak aurreko asteburuan jokatu zituzten, Aldats pilotalekuan, eta etxeko taldeko bi bikoteek ez zuten hutsik egin. Amaia Aizpuruk eta Maialen Rosak osatutako Iruleak 1 taldeak, esaterako, nagusitasunez irabazi zuen Oiartzungo Txost Pilota Kirol Klubeko June Urain eta Maddi Zubeldiaren aurka: 30-12ko emaitzarekin gailendu ziren ostiral iluntzeko norgehiagokan.

Ligaxkako emaitzak ikusita, “askoz ere partida gogorragoa” espero zutela aitortu dute Aizpuruk eta Rosak, kantxan, ordea, hasieratik hartu zuten agintea. “Partida oso ondo hasi genuen, eta gustura eta eroso jokatu genuen; modu horretara, Txostekoek ez zuten aukera handirik izan”, azaldu dute.

Elaia Oiartzabalek eta Maite Mugartegik osatutako Iruleak 2 bikoteak, berriz, gehiago sufritu behar izan zuen finalerako txartela eskuratzeko. Larunbat goizean, Hernani 1eko Maddi Iriondo eta Lorea Luluagaren aurka neurtu zituzten indarrak, eta lehia estua eta gogorra izan zen hasieratik. Azkenean, debarrak nagusitu ziren, 30-28ko emaitzarekin.

Protagonistek adierazi dutenez, Hernaniko ordezkariek maila handia erakutsi zuten: “Zuzen eta fin etorri ziren, eta partida zaila izan zen une guztietan. 15-10eko tartea ireki zuten, beraien gustuko pilota zuri eta geldoarekin; baina sakea eskuratu eta pilota horia atera genuenean, markagailua berdindu, eta hala ibili ginen 28ra arte”.