Euria ez da oztopo izan, eta ehunka lagun irten dira kalera gaur (azaroak 11) iluntzean, greba orokor egunean, etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko. Jendetza elkartu da Foruen plazan 18:00etarako, eta gaurko greba orokorreko aldarri nagusiak kalerik kale gogorarazi dituzte herri mailan antolatutako azken mobilizazioan, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! zioen pankarta nagusiaren atzean.
Bestelako pankarta batzuk ere izan dira, ordea, manifestazioan: Simon Berasaluze plazan, adibidez, Indarkeria matxistatik ihes egin, baina nora? Etxebizitza-krisiak erasotzailearekin bizitzera kondenatzen gaitu zioen pankarta eusten ari ziren hainbat emakume; tren geltokian, berriz, Deban 688 etxe huts, eta gazteok ezin emantzipatu. Etxebizitzaren negozioarekin bukatu zioen beste pankarta batek; eta, Plaza Zaharrean, Inmobiliarien filtro arrazistei ez! aldarria izan da protagonista. Bengala gorriak piztu dituzte puntu bakoitzean, eragile ezberdinetako kideen pankartak argiztatuz.
Deban, goizean hasi dira greba orokorraren harira antolatutako aldarrikapen eta protesta mobilizazioak; besteak beste, pikete informatiboa egiteko batu dira hainbat herritar. Eguerdian, aldiz, Eibarren izan dira, Deba bailarako manifestazio orokorrean.