'80 amandre' helduentzako ipuin kontaketa saioa, bihar, Ispiluen gelan

Izaro Aulestiarte Lete

Dorleta Kortazar ipuin kontalaria. Arg.: Goiena

20:00etan hasiko da Udalak Ispilu(h)ari kultur programaren baitan antolatutako doako ekitaldia.

Dorleta Kortazarrek (Eskoriatza, 1974) helduei zuzendutako 80 amandre ipuin kontaketa saioa dakar bihar, hilak 13, Agirre jauregiko Ispiluen gelara. 20:00etan hasiko da Udalak Ispilu(h)ari kultur programaren baitan antolatutako doako ekitaldia. 

80 amandre behar omen dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko; hori zioen, behintzat, Jorge Oteizak; Kortazarrek, ordea, esana du nahikoa izan dituela lau: "Lau, munduan nire txokoa aurkitzeko, lau amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak". Bada, "ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi duten emakumeen istorioak" kontatuko ditu agertokian.

Igandean, txotxongiloak

Ispiluen gelan bertan, baina igandean, 3 eta 8 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzendutako Erresinolaren kantua txotxongilo saioa izango da, 17:30ean. Naturako gauzarik xumeenetan aurki daitekeen edertasunaz mintzo da Teatro Gorakada eta Naita Produkzioak ekoiztutako lana. Ekialde urruneko bionbo aldakor batetik, zuzeneko musikak, txotxongilo eta itzalen batasunak literaturaren klasiko bat kontatuko digute berriro, baina inoiz ez lehen bezala, dio sinopsiak.