Astebete besterik ez da falta Debako Nesken XIV. Pala Txapelketa-XI. Maite Etxeberria Oroimenezkoaren finalerako. Urriaren 4an ekin zioten Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak antolatutako txapelketari, eta 11 jardunaldi jokatu ostean, azken txanpan sartu da bete-betean.
Joan den igandean (azaroak 8) hartu zuen Aldats pilotalekuak lehen faseko azken hitzordua, eta lehen fasea amaituta, finalerdietako hitzorduak izango dira orain protagonista. Izan ere, bertan erabakiko da zein bikotek izango duten hilaren 21eko final handian aritzeko aukera, baita hirugarren edo laugarren postua erabakitzeko lehian zeintzuk arituko diren ere.
Antolatzaileek jada ezagutzera eman dituzte kanporaketa erabakigarrietan ariko diren zortzi bikote onenak, eta aurreratu dutenez, gaur bertan (azaroak 12) zein igandean (azaroak 15) jokatuko dira aurrez aurrekoak Aldats pilotalekuan. Zehazki, gaur iluntzean bigarren mailako palisten txanda izango da; igande goizean, aldiz, lehen mailakoek hartuko dute lekukoa.
Honakoa da partiden zerrenda:
- Gaur: 19:00etan hasita, Sheila Gonçalves eta Amaia Zinkunegi debarrek Oihana Lazkano eta Onintza C. Sukia herritarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Jarraian, 19:30ean, Marilu Albizu eta Monika Salegi debarren Maider Urbieta zumaiarraren eta Maite Oliden zarauztarren aurkako norgehiagoka izango da.
- Igandea: 11:00etan hasita, Leyre Paredes eta Karmele Martinez zarauztarrek Maialen eta Naroa Rosa ahizpa debarrak izango dituzte aurrez aurre. Segidan, 11:45ean, Iratxe Astigarraga debarrak eta Yoli Mateos elgoibartarrak osatutako bikoak Maite Mugartegi eta Eva Ibarrola mutrikuarren aurka lehiatuko dira finalerako txartelaren bila.