Debako Udalak amaitutzat eman ditu Agirretxe kaleko asfaltatze lanak

Izaro Aulestiarte Lete

Jarduketak 40.000 euroko inbertsioa izan du eta, Udalak azaldu bezala, kale osoko zoladura berritzeko, bide-segurtasuna hobetzeko eta zirkulazio baldintza egokiagoak bermatzeko balio izan du.

Debako Udalak jakinarazi du amaituta daudela jada Agirretxe kaleko asfaltatze lanak. Beraz, kalea ohiko erabilerara itzuli da.

40.000 euroko inbertsioari esker, kale osoko asfaltoa berritu dute, "galtzadak zuen narriadura konpontzeko eta bertatik igarotzen diren ibilgailuentzat zirkulazio baldintza seguruagoak eta erosoagoak eskaintzeko". Eta, azaldu dutenez, aldaketak izan dira seinaleztapen horizontalari dagokionez ere, bide-markak margotu baituzte. 

Esku-hartzea osorik amaitu ondoren, lanek iraun bitartean ezarritako murrizketa guztiak bertan behera geratu dira eta, hortaz, zirkulazioa eta kalearen erabilera normaltasunera itzuli dira.

Udal Gobernuak esker oneko hitzak izan ditu lanek iraun bitartean "herritarrek erakutsitako pazientziagatik eta ulermenagatik".

Argazkiak: Debako Udala