'Mindfulness'-a eta oinarrizko informatika ardatz, Arbilen tailerretan

Izaro Aulestiarte Lete

Mindfulness-ari buruzko tailerra eta oinarrizko informatikan trebatzeko ikastaroa izango dira aukeran datozen asteotan, Arbil elkartearen ekimenez.

Egitarau betea prestatu du Arbilek datozen asteotarako. Izan ere, aurrez iragarriak zituen, besteak beste, sakelakoa erabiltzen ikasteko tailerra –hilaren 10ean, 17an eta 24an–, aurretiazko borondateen gaineko informazio-hitzaldia –azaroaren 13an eta 27an– nahiz Burgosera irteera –hilaren 19an–, eta zerrenda horri mindfulness-ari buruzko tailerra eta oinarrizko informatikan trebatzeko ikastaroa gehitu dizkio orain.

Ikigai zentroan egingo dute lehenbizikoa, Eneko Cabelloren gidaritzapean. Bost saio izango ditu mindfulness ikastaroak: azaroaren 23an eta 27an eta abenduaren 7an, 11n eta 21ean, 12:00etatik 13:00etara bitartean. Eta, aurreratu dutenez, baliteke ekimenak jarraipena izatea 2027. urtean. Parte hartu nahi dutenek Arbil elkartean egin dezakete izen-ematea, 10 euroan –astelehenetan nahiz asteazkenetan, 11:30etik 13:00etara–. Taldea osatzeko gutxienez zortzi lagun behar dira, eta gehienez, 15. 

Prezio berean eskaini dute oinarrizko informatika ikastaroa. Hiru saio egingo dituzte, Arbil elkartean: azaroaren 26an, eta abenduaren 3an eta 10ean, 17:30etik 19:00etara. Zabalik dago izen-ematea, ohiko ordutegian.