Joan den asteburuaz geroztik, eta agortu artean, salgai daude Erosi Deban, Bizi Deban kanpainako erosketa bonuak, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetan kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Debako Udalak jakinarazi duenez, guztira, 50 euroko balioa duten 665 bonu banatuko dituzte oraingoan, eta herritarrek 35 euroan erosi ahal izango dituzte, Turismo Bulegoan. Kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan soilik erabili ahal izango dira bonuak, abenduaren 15era bitartean.
Bonu bat pertsonako
Deban eta Urazamendik auzoan erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek eros ditzakete bonuak; horretarako NANa aurkeztu beharko dute. Udalak ohartarazi du, hori bai, pertsona bakoitzak bonu bakarra erosteko aukera daukala. Bonuak agortzen direnean emango dute amaitutzat salmenta.
Bonu bakoitzak zazpi erosketa-bale izango ditu: 10 euroko hiru, eta 5 euroko lau, hain zuzen. Erosketaren zenbatekoa erabilitako balearen balioa baino txikiagoa bada, merkatariek ez dute aldea eskudirutan itzuliko. Eta, azaldu dutenez, erosketaren zenbatekoa 50 eurotik gorakoa baldin bada, aldea ezin izango da beste bonu batekin ordaindu.
2026ko abenduaren 15era arte erabili ahal izango dira bonuak; behin epe hori igarota, erabili gabeko baleek balioa galduko dute, eta ezingo dira itzuli.
10.000 euroko ekarpena
Udal Gobernuak adierazi du orotara 10.000 euro bideratuko dituela erosketa-bonuak finantzatzera, bonu bakoitzeko 15 euroko ekarpena eginez. Laburbildu bezala, helburu argia du Erosi Deban, Bizi Deban kanpainak: "Tokiko ekonomia indartzea, herriko establezimenduetan erosketak egiteko ohitura bultzatzea, eta familien ekonomiari laguntzea".
25 establezimendu
Azaroaren 7an zabaldu zuen Udalak aurtengo kanpainarekin bat egiteko epea. Parte hartzeko interesa zuten saltokiek eskaera aurkeztu behar izan zuten, eta hilaren 13an ezagutarazi zuten partaideen zerrenda; merkataritza, ostalaritza, elikadura eta zerbitzuen sektoreko 25 establezimendu daude tartean.
Hona hemen zerrenda:
Zerbitzuak
-
Adats Ileapaindegia
-
Ainitze Fisioterapia
-
Allika Argazkiak
-
Amaia Zalduegi Botika (parafarmazia)
-
Hiart Burgoa Botika (parafarmazia)
-
Ilea Ileapaindegia
-
Janire eta Maitane Ileapaindegia
-
Katalo Burdindegia
-
Maxpe Ileapaindegia
-
Mikel Iturgintza
-
Uzuri Optika
Elikadura
-
Aittola Harategia
-
Ieraenea Ekodenda
-
Lizaso Harategia
-
Sasoiko Ekodenda
-
Sukia Frutadenda
Ostalaritza
- Itsaslabarrak Taberna
Moda
-
Apain
-
Bohèm
-
Estilo
-
Kairos
-
Lamariano Oinetakoak
-
Look
-
Maitane Boutique
-
Mugan
-
Yako