Xabi Aburruzaga Trio taldearen folk kontzertua hartuko du etzi, ostiralez, Kultur Elkarteak

Izaro Aulestiarte Lete

Xabi Aburruzaga Trio taldea. Arg.: Lagatakoa

Kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrerak oraindik ere eskuragarri daudela gogorarazi dute antolatzaileek.

KulturEkin egitasmoaren barruan, Xabi Aburruzaga Trio taldeak folk kontzertua emango du etzi (azaroak 20) Deban. Emanaldia Kultur Elkartean izango da, 20:00etan, eta oraindik ere sarrerak salgai daudela adierazi dute antolatzaileek. Bost euroan eros daitezke, Internet bidez, labur.eus/aburruzagakulturekin estekan. Eta, ohi bezala, sarrera guztiak aurrez agortzen ez badira, emanaldia hasi aurretik ere izango dira salgai, aretoan bertan.

Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositore bizkaitarrak iaz kaleratu zuen Bask, bere ibilbideko zazpigarren lana eta, bere esanetan, orain arteko proiekturik osoena; diskoaren aurkezpen biran datorkigu Debara, Eriz Perezek –gitarra– eta Aitor Uribarrik –perkusioa eta ahotsa– lagunduta.