Iganderako, azaroaren 22rako, iragarri du Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak ikasleekin eta haien gurasoekin hilero egin ohi duen mendi irteera. Otogoien-Ganalto-Otogoien ibilbide zirkularra egiteko aukera izango dute oraingo honetan partaideek.
Egun osoko irteera izango da; 08:30ean elkartuko dira, autobus geltokian, eta handik autobusez abiatuko dira irteera-puntura. Behin hara iritsita, 11 kilometroko bidea egingo dute, 380 metroko desnibel positiboarekin eta negatiboarekin.
Antolatzaileek gogorarazi bezala, txangoan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena, eta horretarako azken eguna bihar (azaroak 19) izango da. Izen-ematea ohiko bideetatik egin beharko da: ikasleek eskolan bertan egin dezakete, eta haiekin batera joan nahi duten helduek, berriz, Burdin Kurutz taldeko Whatsapp taldean idatzita edo mendi taldeko norbaitengana hurbilduta. Bazkideek 12 euro ordaindu beharko dituzte; gainontzekoek, aldiz, 15.
Ikasleei zuzendutako hurrengo txangoa urtarrilaren 17an izango da: Arantzazu-Urbia (Enaitz)-Arantzazu ibilbide zirkularra egitea proposatu du mendi taldeak.