Guztia prest dago Debako Nesken XIV. Pala Txapelketaren finala jokatzeko

Nerea Bedialauneta Alkorta

Iaz txapelketan parte hartu zutenen talde argazkia.

Finalerdiak jokatu ondoren, erabakita geratu dira larunbatean (azaroak 21) jokatuko den final handian parte hartuko duten lehen eta bigarren mailako lau bikote finalisten izenak, baita hirugarren eta laugarren postuaren bila ariko direnenak ere.

Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko ordezkariek iragarri dutenez, guztia prest dago larunbatean (azaroak 21) Aldats pilotalekuan jokatuko den Debako Nesken XIV. Pala Txapelketa-XI. Maite Etxeberria Oroimenezkoaren finalari ekiteko.

Antolatzaileek herritarrak zein pilota zaleak frontoira gerturatzera gonbidatu dituzte, goiz osoko kirol-jaialdiaz gozatzeko. Bertaratzen direnentzat salda eta txorizo egosia ere izango direla aukeran gaineratu dute. 

Aurtengo final egunak, ordea, ez du ohiko egitura izango. Izan ere, lehen mailako hirugarren eta laugarren postuak argitzeko norgehiagokarekin emango diote hasiera jaialdiari. 09:30ean hasita, Iratxe Astigarraga debarrak eta Yoli Mateos elgoibartarrak osatutako bikoteak Leyre Paredes eta Karmele Martinez zarauztarren aurka neurtuko ditu indarrak.

Bigarren mailako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, berriz, gaur (azaroak 18) bertan izango da; 17:30ean hasita, Onintza C. Sukia eta Oihana Lazkano debarrek Maider Urbieta zumaiarra eta Maitane Oliden zarauztarra izango dituzte aurkari  kantxan. 

Finalistei agurra

Final handiari dagokionez, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko neurketaren ostean, bigarren mailako final handiari emango diote hasiera. Baina norgehiagoka hasi aurretik, lau bikote finalisten aurkezpena egingo dute, eta, urteroko ohiturari eutsiz, kirolariei zein epaileei eskainitako agurra dantzatuko dute. 

Maila horretan, txapela Deban geratuko dela ziurtatuta dago, Marilu Albizu eta Monika Salegi alde batetik, eta Sheila Gonçalves eta Amaia Zinkunegi bestetik, nor baino nor gehiago arituko baitira garaikur preziatua eskuratzeko. Ondoren, lehen mailako finalisten txanda izango da: kasu horretan, Maialen eta Naroa Rosa ahizpa debarrek Maite Mugartegi eta Eva Ibarrola mutrikuarrak izango dituzte aurrez aurre.

Talde argazkia

Neurketa guztiak amaitzean, sari banaketarekin jarraituko dute. Txapeldunei eta gainerako sailkatuei dagozkien sariak banatzeaz gain, Maite Etxeberria Oroimenezkoaren izena daraman saria ere emango dute, urtero bezala. 

Eguna borobiltzeko, txapelketan parte hartu duten pilotari guztiek talde-argazkia aterako dute eta, ondoren, bazkari baten bueltan elkartuko dira.