Debako Udalak gaur abiatuko du azaroaren 25aren bueltan ondu duen egitaraua

Izaro Aulestiarte Lete

Iazko azaroaren 25eko elkarretaratzea, Foruen plazan.

Harreman toxikoa ala indarkeriazko harremana? izenburuko hitzaldia izango da gaur, 18:30ean, Kultur Elkartean.

Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna da azaroaren 25a, eta horren bueltan hainbat ekitaldi antolatu ditu Debako Udalak datozen egunotarako.

Udal Gobernuak ondutako programa gaur, hilaren 18an, abiatuko da, Harreman toxikoa ala indarkeriazko harremana? izenburuko hitzaldiarekin, Kultur Elkartean; saioak harreman afektiboen inguruan hausnartzeko eta indarkeria-egoerak identifikatzeko aukera eskainiko duela aurreratu dute. Eta ostiralerako, azaroaren 20rako, iragarria zuten bigarren jarduera –Artea, berdintasuna eta tratu onen aldeko tailerra, 8-10 urte bitarteko umeei zuzenduta–, baina saioa bertan behera geratu dela ohartarazi dute, ez baitute partaideen taldea osatzeko behar adina izen-emate jaso.

Egitarauari amaiera emateko, azaroaren 25ean bertan, asteazkenez, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan, ohi legez. Mobilizaziorako deialdiaren bidez, "indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen kolektiboa ikusarazi eta Debak berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin duen konpromisoa berretsi" nahi dutela azpimarratu du Udal Gobernuak.

Adierazpen instituzionala

Aurten azaroaren 25aren harira antolatu dituen ekintzen berri ematearekin batera, emakume guztiek "indarkeriarik gabeko bizitza askeak" izateko duten eskubidea aldarrikatu du Udalak, baita indarkeria matxista desagerraraztea erakundeen zein herritarren erantzukizuna dela gogorarazi ere. 

Adierazpen instituzional baten bitartez, "Deba seguruagoa eta parekideagoa eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi" du udalbatzak.

Hiru jarduera-ildo nagusi jasotzen ditu aipatutako dierazpenak: indarkeria matxistaren prebentzioa indartzea, hezkidetza-programaren eta sentsibilizazio-ekintzen bidez; emakumeei arreta hobetzeko erakunde arteko mahaiaren bitartez erantzun integral eta koordinatua bermatzea; eta espazio publiko, aisialdi-gune eta udal-jarduera seguru eta parekideak sustatzea, besteak beste, jaietako gune moreen bidez.

Era berean, azpimarratu du "indarkeria matxistarik gabeko herria eraikitzea ez dela administrazio publikoen ardura hutsa, baizik eta jendearte osoaren inplikazio aktiboa eskatzen duen erronka kolektiboa". Eta, ildo horretan, herritar guztiei dei egin die emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarrera aktiboa eta konprometitua izan dezaten. Bide batez, Udalak antolatutako ekintzetan parte hartzeko gonbitea ere luzatu diete herritarrei.