Herriko musika taldeak gaur (azaroak 19) hasiko dira musikarien zaindariaren eguna ospatzeko kultur ekitaldiekin. Debako Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleek, adibidez, kalejira egingo dute 16:30ean, baita merienda ere, ondoren, musika eskolan.
Gainontzeko emanaldiak, dena den, astebururako iragarri dituzte. Larunbatean (azaroak 21) eskaintza bikoitza izango da aukeran, herritarren gozamenerako: batetik, 12:30ean, Debako Musika Bandaren urteroko kontzertua hartuko du Santa Maria elizako klaustroak –ohi legez, aurrez herrian ibiliko dira musikariak, kalejira txiki bat egingo baitute, giroa berotze aldera–; bestetik, Kalean Kantuz taldeko kideak iluntzean irtengo dira kalera, 19:30ean.
Igandean, gehiago
Igandean (azaroak 22), aldiz, goiz-eguerdi partean egingo dituzte Santa Zezilia ospatzeko ekitaldiak. Hasteko, txistu doinuak eta Banda Gaztea izango dira protagonistak, 11:00 aldera kalejiran irteteko asmoa baitute, eta, ondoren, Aitzuri Abesbatzaren txanda izango da; kalerik kale ariko da eguerdian.