Egun osoko egitaraua ondu du Gazte Asanbladak biharko ospakizunerako

Izaro Aulestiarte Lete

Duela bi aste Gaztetxean egindako bertso afaria. Arg.: Debako Gazte Asanblada

Debako Gazte Asanbladak azaroaren 6an ekin zien 26. urtemuga ospatzeko ekitaldiei, eta egitaraua ez da amaituko hilaren 27ra arte, baina biharko (azaroak 21) iragarri dute ospakizun nagusia.

Eguerditik goizaldera arte iraungo duen ekintza-sortarekin dator urteurreneko ospakizun nagusia. Eta, asanbladako lehengo eta egungo kideei ez ezik, gainontzeko herritarrei ere egin diete festara batzeko gonbidapena.

Hasteko, 13:00etan karro-poteoa izango da eta 15:30ean herri bazkaria egingo dute gaztetxean. Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, hamarnaka lagun batuko dira otordura.

Bazkalostea girotzeko, halaber, bingo musikatua antolatu dute, eta 19:00etan Latuna Bando Txaranga irtengo da kalera. Gau partean, berriz, musika izango da nagusi gaztetxean: 22:00etan Zerotan taldearen erromeria izango da, gauerdian Txamakos taldea igoko da agertokira eta, amaitzeko, 02:00etan DJ Erratza arduratuko da musika jartzeaz. Tonbola ere izango da gau osoan.

Azken ekintzak, gaur zortzi

Gorrotoz suntsitu, ilusioz eraiki! lelopean ondutako egitaraua azaroaren 27an itxiko dute. 17:00etan hasita, haurrei eta familiei zuzendutako txotxongilo tailerra, ipuin kontaketa eta txokolate-jana egingo dituzte gaztetxean.