'Etxe arrotz hau' ipuin-bildumaz ariko dira Irakurketa Klubean

Izaro Aulestiarte Lete

Ostolaza Udal Liburutegiko Irakurketa Klubeko kideak ostegunean (azaroak 26) elkartuko dira.

Ohi bezala, 19:00etatik 20:30era izango saioa, liburutegian bertan, eta Etxe arrotz hau liburua izango dute hizpide; Asier Serranok gidatuko du topaketa, euskaraz. 

Hamar ipuinez osatutako liburua da Olatz Mitxelenaren (Oiartzun, 1989) Etxe arrotz hau, Getariako Udalaren sormen-egonaldi batean idatzia eta landua, eta Susa argitaletxeak eman du argitara, aurten. "Etxetasunaren, arroztasunaren eta eguneroko bizitzan dardarka geratzen diren galderen inguruko unibertso iradokitzailea" osatu du bertan idazleak.  

Udalak gogorarazi du Irakurketa Klubean parte hartzeko aurrez eman behar dela izena, 697 44 40 74 telefonora deituta edo ostolaza@deba.eus helbidera idatzita.